Albisteak

Atzealdea Hernaniko eta Astigarragako Udalek txotx denboraldian datozen bisitariei herri eta herritarren zaintza erdigunean jartzeko eskatu diete

2
Kanpainan iazko leloa eta lanpasak erabiliko dira, eta herrietan baliabide ugari erabiliko dira, besteak beste, sortu den spot berria. Aurten ere eraso matxisten aurkako arreta telefoniko koordinatua eskainiko da, eta Astigarragaren kasuan baita presentziala ere

2026·01·21


Hernani eta Astigarragako udal ordezkariak txotx garaiaren baitan abian jarri duten kanpainaren aurkezpen ekitaldian izan dira. Hernaniko eta Astigarragako alkateei, Xabier Lertxundi eta Xabier Urdangarin, hurrenez hurren; Olatz Mitxelena Sagardogileen Elkarteko kidea ere batu zaie, elkartetik kanpainarekin bat egin dutela adierazteko.

Sagardoa Hernani eta Astigarragaren nortasunaren arlo garrantzitsua da, eta pisu ekonomiko eta kultural handia du. Txotx garaia, zalantzarik gabe, horren guztiaren erakusleiho bat da, eta jendearentzat erakargarria den heinean, hori positiboa da, noski. Baina, azken urteetan herrietara iristen den bisitari kopuru handiak hainbat eragin ditu, eta batzuk ez dira hain positiboak. Hori dela eta, aurten ere bi udalok iazko kanpainari jarraipena eman nahi izan diote eta "Gure etxean zaude, zaindu!" leloari zabalkundea emango diote.

Txotx denboraldian Hernani eta Astigarragan egun dagoen ereduaz aritu dira prentsaurrekoan udaletako ordezkariak. Azken urteotan izan presentzia handiak era guztietako ondorioak ditu, gure herrietako bizilagun asko larunbat arratsaldeetan euren bizilekutik kanporatuak sentitzen dira, eta udalentzat ere eragin ekonomiko handia suposatzen du. "Arlo askotan partida garrantzitsuak gehitu behar dizkiogu gure ohiko aurrekontuari, zerbitzuak indartu ahal izateko, besteak beste, garbitasuna, segurtasuna eta garraioa ", adierazi dute alkateek.

Eredua aldatzearen beharra azpimarratu dute alkateek, eta horrekin batera, mezu zuzena bidali diote bisitariei “bisitariak gure herrietan ongietorriak dira, baina herria eta herritarrak zaintzea eta errespetuzko jarrerak izatea ezinbestekoa da guretzat”. Horrekin batera, astean zehar etortzeko gonbitea luzatu diete eta baita urteko beste sasoi batzuetan ere; sagardoaz, kulturaz eta gure herriez benetan gozatu ahal izateko.

Baliabideak

Kanpainaren irudi gisa, iaz bezala, lanpasa erabiltzen da, etxe batera sartzen denak aurkitu ohi duen elementu bat delako, herrietara sartzeko atearen metafora gisa.

Hainbat baliabide eta euskarritan iragarkiak hainbat formatutan jartzearekin batera (Lurraldebus eta Dbuseko pantailak, sagardotegiko hartzaileen emailak, irrati-iragarkiak, txotx gehigarrietako iragarkiak), bi herrietan lanpasak eta mezua ikusarazteko bitartekoak erabiliko dira: kartelak, biniloak, fluor-kartelak, lonak... Horrekin batera, lanpasa fisikoak hainbat eraikin publikotan kokatuko dira, eta Sagardogileen Elkarteak mezuarekin eta kanpainarekin bat egin duenez, lanpasak sagardotegien atarian ere jarriko dira.

Baliabideei dagokienez aurtengo berrikuntza nagusia spot berria da. Bertan, Astigarraga eta Hernaniko hainbat kale eta gune ageri dira, lur mota ezberdinetan lanpasak kokatuta, eta mezua argia da: gure herria eta bertan daudenak zaindu.

Errespetua eta zaintza erdigunean

Kanpainako mezuaren erdigunean zaintza eta eskutik lotuta duen errespetua daude. Datozenei deia, zaindu ditzatela herriak, zaindu ditzatela gure herrietako kaleak eta bertan bizi diren pertsonak. Eta ildo horretatik, errespetuz joka dezatela.

Ideia hori azpimarratuta "ez dugu onartuko jarrera matxistarik edo arrazistarik, ezta oro har herritarren bizikidetzaren aurkakoak direnik ere; eta horien aurkako protokoloak martxan izango ditugu" adierazi dute alkateek. Horretarako, aurreko urteetan egin bezala, aurten ere herriek telefono bidezko arreta koordinatua izango dute sexu-erasoen aurka, eta, Astigarragaren kasuan, sexu-erasoen aurkako aurrez aurreko arreta ere eskainiko da ostiral eta larunbatetan. "Edozein eraso jaso duenak jakin dezala gure lehentasuna bera babestea eta laguntzea dela", gaineratu dute.

SPOTA

1 2