Albisteak
Atzealdea Haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako hitzaldi-zikloa abiatuko da datorren asteazkenean
2024·01·13
Iazko zikloak izandako harrera ona ikusita, haurren eta nerabeen gurasoentzako hitzaldi-zikloa antolatu du Udaleko Euskara eta Hezkuntza sailak aurtengoan ere. Ekimen honek herritarren artean harreman osasuntsuak eta parekideak sustatzeko helburuarekin bat egiten du.
Urtarriletik maiatzera bitartean, zazpi hitzaldi eskainiko dira punta-puntako trebatzaileen eskutik. Hitzaldi guztiak doakoak izango dira eta 18:00etan eskaniko dira Erribera kulturgunean.
Astigarragako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartearekin lankidetzan ondu du 2023-2024 ikasturteari begirako programa, aurtengoan ere, eskaintza zabala osatu eta ahalik eta hitzaldi interesgarrienak ekartzeko Astigarragara. Punta-puntako trebatzaile eta hizlariak izango ditugu gurean; guztiak ere, eskarmentu handiko adituak.
Hitzaldi-ziklo mamitsua izango da; azken boladan haur eta nerabeen bueltan sortzen ari diren problematiken inguruan jarriko da arreta. Pornografia eta sexu-heziketa, hezkidetza, drogen kontsumoa eta baita substantziarik gabeko adikzioak ere... Eta, nola ez, pantailak. Haurren garapenean bete-betean eragiten dute pantailek. Gurasoei ahalik eta informazio gehiena eskaintzea da helburua. Izan ere, pantailen erabileraren atzean hainbat gai ezkutatu ohi dira eta ezinbestekoa da errealitatea ondo ezagutzea; gaiaz hausnartzeko eta kontzientzia hartzeko.
Haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatzera dator ekimena. Horregatik guztiagatik, guraso guztiak saioetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu Udalak.
Treba Gurasoak
Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza ekimena da, eta gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzea ditu helburu.
Programa honen baitan, 2023-2024 ikasturte honetan eskainiko den hitzaldi-zikloaren 3 saio eskainiko dira.
Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?
Urtarrilaren 17an, datorren asteazkenean, izango da ziklo-irekiera. Sexu-heziketari buruzko trebatze-saio batekin ekingo zaio programari. Eider Goibururen eskutik, pornografia eta sexu-heziketa izango dira hizpide “pornografia gaur egungo seu-heziketa ote?” izeneko hitzaldian.
Hitzaldiaren helburua da pornografiak nerabeen sexualitatean izan dezakeen eragina aztertzea eta familiek nerabeen sexu-heziketan duten funtzioa indartzea. Ikuspegi hezkidetzaile batetik landuko da gailentzen den pornografia eredua, nerabeen hezkuntza-prozesuan sexualitate aske eta osasuntsu baterako gakoak eskaintzeko.
Izen-ematea
Hitzaldian parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea:
- 943 335 064 telefonoan.
- euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus helbidera idatzita.