Albisteak

Atzealdea Haur eta nerabeen gurasoei zuzenduriko hitzaldi-zikloari hasiera emango zaio azaroan

1
Hilero hitzaldi bat antolatuko da. Lehenengoa, sexu-heziketari buruzko trebatze-saio bat izango da.

2022·11·16


Udaleko Euskara eta Hezkuntza sailak haurren eta nerabeen gurasoei zuzendutako hitzaldi zikloa antolatu du. Duela zenbait ikasturtetik hona, elkarlanaren bidetik, Udalak eta Astigarragako Herri Eskolako Gurasoen Elkarteak familiei zuzendutako hitzaldiak antolatu dituzte.

Askotariko gaiak jorratu dira, betiere familien kezka eta interesetan oinarritzen saiatuz. Oraingo honetan ere galdetegi bat zabaldu zen Gurasoen Elkartearen bitartez, jakiteko zein gai landu nahiko lituzketen gurasoek eta zein ordutegi iruditzen zitzaien egokiena. Aipatutako lankidetzaz gain, ikasturte honetan Foru Aldundiaren laguntza izango da hainbat hitzaldi antolatzeko.

Azarotik maiatzera, hilero saio bat eskainiko da. Guztira, 7 hitzaldi izango dira; punta-puntako trebatzaileen eskutik.

Astigarragako Udalak, Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan ondu du 2022-2023 ikasturteari begirako programa. Gainera, programa diseinatzerakoan, arreta berezia jarri nahi izan da haurren eta nerabeen bueltan sortzen ari diren problematikei. Hala, gazteenen garapen integralean mugarri diren 3 esparru jorratuko dira:

  • Sexu-heziketa
  • Ingurune digitala
  • Haurraren garapena eta adimen-emozionala

Treba gurasoak

Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza ekimena da, eta gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzea ditu helburu.

Programa honen baitan, 3 hitzaldi saio eskainiko dira 2022-2023 ikasturtean.

“Zer egin dezakegu gure haur eta nerabeek sexualitate aske eta osasuntsu bai izan dezaten?” 

Azaroaren 24an, 17:00etatik 18:30era, Erriberan, sexu-heziketari buruzko trebatze-saio batekin ekingo zaio programari.

Eider Goiburu gizarte-psikologo eta sexu-hezitzaileak eskainiko du “ Zer egin dezakegu gure haur eta nerabeek sexualitate aske eta osasuntsu bat Izan dezaten?” izeneko hitzaldia.

Plazerean, zaintzan eta ongizatean oinarritutako sexualitatea garatzen laguntzeko gakoak eskainiko ditu Goiburuk.

Hitzaldian parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. 943 335 064 telefonoan edo euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus helbidera idatzita.

 

1