Albisteak
Atzealdea Hainbat erabaki garrantzitsu onartu ziren irailaren 28ko Osoko Bilkuran eta Tokiko Gobernu Batzordean
2021·09·29
2021eko udal aurrekontuaren aldaketa, kreditu transferentzia
Osoko Bilkuran kreditu transferentzia onartu da, 2021eko aurrekontuan hainbat egokitzapen egiteko. Guztira 243.356,99 euro trasferitu dira partida batzuetatik besteetara, besteak beste ekimen hauen aurrekontu partidak egokitzeko:
- Haurreskolako kanpoko jolasgunerako
- Txalakako lokalean egur taila tailerra egokitzeko
- Larrialdiko etxebizitza osatzeko altzariz
- Udalak eskuratu berri dituen alokairu sozialerako 3 etxebizitza berrietan sukaldea eta abar jartzeko
- Oialume-ko saneamendu sarea hobetzeko
2022ko zerga fiskalei hasierako onarpena
Irailaren 28ko Osoko Bilkuran hasierako onarpena eman zaio 2022ko udal zerga eta tasen ordenantzari. Alegazio epea zabalduko da orain.
Irizpide nagusi gisa udal gobernuak %1,5eko igoera aplikatzeko proposamena egin du udal zerga eta tasa guztietan.
Tasa eta zerga zehatz batzuetan, bestelako egokitzapen eta eguneratze batzuk ere proposatu ditugu.
Terrazak, 2020 eta 2021ean tabernei ez diegu tasarik kobratu terrazak jartzeagatik, pandemiaren ondorioz. 2022an tasa kobratzeari berrekitea proposatzen dugu.
Beterri-Buruntza Mankomunitatea eratzeko akordioa
Astigarragako Udaleko Osoko Bilkurak Beterri-Buruntza Mankomunitatearen estatutuak onartu ditu irailaren 28ko bilkuran.
Buruntzaldeko eskualdea, egitura propiorik ez duen EAEko eskualde bakarra da eta erabaki honekin, aspaldiko erronkari emango zaio erantzuna. Mankomunitatearen azken helburua da Mankomunitatea osatzen duten udalerrien sustapen eta garapen sozioekonomikoa eta herritarren ongizatea hobetzen laguntzen duten jarduerak burutzea, besteak beste, enpleguaren, ekintzailetasunaren eta lurralde garapenaren arloan.
Herri eskola handitzeko plan bereziari behin betiko onarpena
Udala Herri eskola handitzeko proiektuaren lehen faseko exekuzio proiektua idazten ari da, ondoren proiektua Hezkuntza Sailaren esku utzi eta handitzeko lanak egin ditzan.
Helburu horrekin, aldi berean, Udalak eskola handitzeko Plan Berezia idatzi du eta iraileko pleno honetan behin betiko onarpena eman dio.
Kale garbiketako zerbitzuaren eta argiteria mantentzeko zerbitzuaren esleipena
Kale garbiketako zerbitzua esleitu da osoko bilkura honetan: garbiketa zerbitzu orokorra Gureak Garbitasuna SLU enpresari esleitu zaio, bi urterako (beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin), urteko 354.300,00 (BEZik gabe) euroko prezioan eta kamioiarekin urez garbitzeko zerbitzua Conmovil Vitoria SA enpresari, urteko 8.000,00 euroko prezioan. Garbiketa zerbitzuanri espaloi eta plazak garbitzeko makina berria gehituko zaio, garbiketa zerbitzuaren kalitatea handitzeko. Zerbitzu berria abenduan hasiko da martxan.
Bestalde, argiteri publikoa mantentzeko, kontserbatzeko eta konpontzeko zerbitzua esleitu dio Udalak Sice enpresari, urteko 29.080 euroko prezioan (kaleko argiteria eta eguzki panelen bidezko argiteria).
Udal liburutegiko liburutegi laguntzaile lanpostua
Tokiko Gobernu Batzarrak liburutegiko laguntzaile plaza bat betetzeko deialdia eta oinarriak onartu ditu. Oinarriak eta deialdia laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari ofizialean eta udalaren webgunean (Lan Eskaintzak izeneko atalean).
Bi zehapen espediente, zakur arriskutsuak muturrekorik gabe edo lotu gabe ibiltzeagatik
Tokiko gobernu batzarrak bi zehazpen espedeinte ebatzi ditu zakurrak kalean muturrekorik gabe eta aske ibiltzeagatik. 751 eta 1.500 euroko isunak jarri dizkie Udalak.
Mozioa, “Deskonektatu elektriketatik! Haien iruzurraren aurrean, burujabetza energetikoa!”
EH Bildu Udaltaldeak argindarraren prezioa salatzeko eta Euskal Herriaren subiranotasun energetikoa eskatzeko mozioa aurkeztu zuen Osoko Bilkuran. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen mozioa.