Albisteak

Hainbat dirulaguntza eman ditu Udalak, negozio berriak martxan jartzeko eta lehen sektoreari laguntzeko, orotara 31.500 euro inguru

Bi mozio onartu ditu udalak; bata, Euskadiko Stop Kaleratzeak plataformarena, eta bestea Uema, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearena.

2023·11·02


Urriko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarrean hainbat akordio hartu ditu udalak.

Astigarragako Herri-baratzeen emakida eta erabilera arautzeko erregelamendua. Hasierako Onarpena.

Herri baratzeak erabiltzeko emandako baimenak amaitu dira eta zozketa berriak egin behar dira. Idazkariak gaia aztertu ondoren erregelamendua bera eguneratzeko proposatu du, lizentzien ordez emakida administrartiboak direlako.

Erregelamenduaren aldaketan berrikuntza nagusiak hauek dira:

  • Emakida administratiboak emango dira
  • Gehienez 7 urteetarako izango dira
  • Interes taldeak eta lehentasunezko taldeak zehaztuko dira

Osoko Bilkurak Astigarragako herri-baratzeen emakida eta erabilera arautzeko Erregelamenduaren aldaketari hasierako onarpena eman zion eta horren ondotik deialdi irekia egingo da hurrengo emakiden zozketan parte hartzeko.

Hirigintzaren arloan, Ipintza Gurutzegain-eko xehetasun azterketari behin betiko onarpena eman dio Udalak.

Mozioak

Bi mozio onartu ditu udalak. Batetik, Stop Etxegabetzeak elkarteak aurkeztutako mozioa aho batez onartu du Osoko Bilkurak. Bertan, udalak konpromisoa hartu du Astigarraga eremu tentsionatu izendatzeko urratsak egiteko. Bestalde, “Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat” mozioa onartu du udalak, EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin eta PSEren aurkako botoarekin. Mozio horretan udalak euskararen aurkako azken aldi honetako epaiak gaitzetsi ditu eta Bilbon euskalgintzak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioarekin bat egitera deitu ditu herritarrak.

Amaitzeko, galdera eta informazioaren atalean, alkateak aurrekontuak lantzeko egutegiaren berri eman du. Azken bi asteotan auzo bilerak egin dira herritarren ekarpen eta oiritziak jasotzeko. Urriaren 31ean aurkeztu zen aurrekontuaren lehenengo zirriborroa eta 15 egun egongo dira ekarpenak eta zuzenketak aurkezteko, epemuga azaroak 14 izango da. Azaroaren 21ean, Ogasun batzordea egingo da 2024ko aurrekontuei irizpena emateko eta 28an Osoko Bilkurara eramango da.

Dirulaguntzak izan dira Tokiko Gobernu Batzordean landutako gai nagusia.

Bi laguntza mota onartu dira:

  • Ekintzaileei dirulaguntzak: negozio berriak martxan jartzeko laguntzak dira, herriko eremu batzuetan negozioak jartzeko. Kasu honetan bi eskabide onartu ditu udalak, orotara 8.000 euro dirulaguntzatan, lagundutako jarduerak heziketa positiboan laguntzeko zentru bat eta fisioterapia zentru bat izan dira.
  • Lehen sektorea sustatzeko dirulaguntzak: Lau eskabide onartu dira eta orotara 23.424 euro eman dira dirulaguntzatan, adibide gisa, honelako gauzetarako: idientzako pentsua erosteko, sagarrak biltzeko makina erosteko eta eguzki plakak jartzeko.