Albisteak
2024·07·12

Aurtengo Santio jaietan ere Astigarragako Udalak herriko hainbat eragilerekin batera (Emakumeon Etxea, Gaztelekua, Astigarragako Gazte Asanblada, Xaguxar aisialdi taldea eta Matazak indarkeria sexistaren aurka elkartea) guztion gozamenerako jaien alde egin nahi du. Urte osoan ez ezik, jaietan ere Astigarraga herri segurua izatea nahi dugu, bereziki emakumeontzat. Emakumeok ere aske bizi eta jaiez gozatzeko eskubidea dugulako.
Ongi pasatzeko prest dagoen edonor herrira gonbidatua dago baina ez da edozein jarrera onartuko. Jaiak bizikidetza eta elkarbizitza ariketa paregabea dira eta elkarri errespetua erakusteko une aparta; jai giroan eta lagun artean ikusten edo bizi ditugun eraso matxista eta gertakari bortitzen aurka gaude eta guztion ardura da horrelako jokabideak saihestea eta geratzea, horiek auspotu beharrean. Inguruan edo lagun artean somatzen ditugun jarrera matxista edo gorroto arrazista, xenofobo, LGTBIfobiko edo antigitanoak ez ditugu onartuko. Esan diezaiogun ezetz indarkeriari eta zaindu dezagun elkar.
Indarkeriaren erakusle diren gertakarien prebentzioan, arretan eta koordinazioan egin da ahalegina. Prebentzioari dagokionez, jai-egitarauan erasoen arretarako ahalbidetu diren baliabideen berri eman da, herritar guztiak jakinaren gainean egon daitezen. Horrez gain, egitarauan Agin Labururen bertsoaren bidez jaietan bultzatu nahi diren jarreretan sentsibilizatu nahi izan da. Herriko tabernariei erasoen aurrean nola jokatu eta egoera horietarako herritarren eskura dauden baliabideen berri eman zaie.
Prebentzio, arreta eta koordinaziorako honako ekimenak antolatu dira:
Substantzien kontsumoaren prebentzioa: Botiltzarra eta Testing-a
Jai giroan gozatzeaz gain beharrezkoa da arrisku jarduerak ahalik eta gehien minimizatzea batez ere, alkohola eta substantziekin kontsumoarekin zerikusia dutenak. Horretarako, Botiltzarra egitasmo ibiltaria antolatu da: uztailaren 26an Astigarragako kaleetan zehar substantzien kontsumoen prebentzioa burutuko duten 4 hezitzaile ibiliko dira 18:00etatik 22:00etara. Hauek, modu ibiltarian adingabeengana gerturatu eta arrisku egoerak gutxitzeko beharrezkoa den informazioa eta materialak banatuko dituzte.
Testing zerbitzua ere edonorentzat erabilgarri egongo da, legez kanpoko substantzien analisi eta informazio zerbitzua: uztailaren 27an, 23:00etatik 02:00etara, Tomas Alba kalean.
Arreta Puntua
Eraso matxisten aurrean arreta eta esku-hartzeko gunea da eta uztailaren 24tik 27ra egongo da herritarrentzat erabilgarri. Erasoren bat ikusi edo bizi izanez gero, Arreta Puntura jo dezake edonork laguntza edo informazio eske. Arratsaldetan, 18:00etatik 22:00etara karpa morea jarriko da Kale Nagusia, 36 zenbakian. Gauez, 22:00etatik 04:00etara bi eratako arreta jaso ahalko da: batetik, aurrez aurrekoa, Kultur Etxe Zaharrean (Sagardoetxearen ondoan, Kale Nagusia, 48 zenbakian) eta bestetik, arreta telefonikoa (638 206 586 zenbakian). Herritarrei Arreta Puntuko telefonoa gordetzeko gonbidapena luzatzen diegu, beharra izanez gero, erraz eta azkar nork bere mugikorrean eskura izan dezan. Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du.
Arreta Puntuko ordutegietatik kanpo honako telefonoetara deitu ahalko da: Udaltzaingoa (699 487 585), Larrialdiak (112) eta tratu txarren edo sexu-erasoen biktimei laguntza (900 840 111).
“Nik sinesten dizut” txapak
Indarkeriari ezetz esateko aukera eman nahi diegu herritarrei, gutako bakoitza indarkeriaren aurkako agente aktibo bihurtzea, ardura hartzea nahi dugu; indarkeria gaitzetsi, elkar babestu eta zaintzeko modua da txapa janztea. Eraso matxista baten aurrean biktima babesteko, gidatzeko eta beharrezkoa denetan, aditu edo profesionalei deitzeko helburua dute txapek. Txapa soinean edo ikusgai badaramazu, biktimak errazago identifika zaitzake. Elkar zaintzeko eta txapa janzteko gonbidapena luzatu nahi diegu herritarrei.
Txapa doakoa da eta bi tokitan eskatu daiteke: jaien aurretik Emakumeon Etxean (astelehen, astearte eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara; asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 19:00etara) eta jaietan, uztailaren 24tik 27ra, 18:00etatik 22:00etara Karpa morean (Kale Nagusia, 36 zenbakian). Txapa hartzeko konpromisoen orria sinatzea ezinbestekoa da.
Brigada Morea herritarrek zuzenean parte hartu izan duten ekimena da, azken urteotan martxan egon da, jaietan elkarrekin eta lagunduta etxera itzultzeko erabilia. Inkesta bidez herritarrei eta, bereziki, Arantzazuko Ama institutuko nerabe eta gurasoei brigada morearen erabilgarritasuna eta erabilera asmoari buruz galdetu zitzaien. Jasotako erantzunen arabera, orokorrean, ekimen interesgarria, beharrezkoa eta baliagarria iruditu zaie. Erabilerari dagokionez, brigada morea orain arte ez dutela erabili eta aurrerantzean ere oso gutxik adierazi zuten erabiltzeko asmoa, izan ere, etxera itzultzeko beste bide batzuk hartzen omen dituzte. Inkestaren arabera brigada morearen erabilera asmoa horren baxua izan denez, aurtengoan ekimena bertan behera uztea erabaki da.
Indarkeria kasuen koordinazio mahaia
Aurtengo jaietarako indarkeria kasuen koordinazio mahaia eratu da estreinakoz eraso baten aurrean jaien antolaketan parte hartzen duten eragile eta Udalaren arteko koordinazioa ahalik eta eragikorrena eta azkarrena izateko xedearekin. Koordinazio mahaia Udaleko hainbat sail (Alkatetza, Berdintasuna, Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak eta Kultura eta Jaiak) eta herriko hainbat elkartetako ordezkariek (Jai Batzordea, Gazte Asanblada eta Emakumeon Etxeak) osatuko dute. Jaietan emandako gertakariei buruzko ahalik eta informazio fluxu eraginkorrena ahalbidetzea eta erasoren bat egotekoan, erantzun publikoa eta jai-egitarauari dagokionez hartu beharreko neurriak elkarrekin adostu nahi dira. Koordinazio mahaiak bi motatako balorazioak egingo ditu: festak amaituta, indarkeria egoeren edo gertakarien balorazioa egingo du eta irailean, koordinazio mahaiaren funtzionamendua ebaluatuko dute eta aurrera begira ikasitakoak eta hobetu beharrekoak aztertuko dituzte.
Azkenik, herritarrei gogoratu nahi diegu, guztiok daukagula zeresana indarkeriaren aurkako borrokan eta horretarako bi gomendio edo gonbidapen luzatzen dizkizkizuegu: Gorde Arreta Puntuko telefonoa eta jantzi “Nik sinesten dizut” txapa. Hartu dezagun ardura, jokatu dezagun errespetuz eta zaindu dezagun elkar.
