Albisteak

Atzealdea Gure Zirkuak atzo ireki zuen 2025eko txotx denboraldia Sagardo Berriaren Egunean

12
"Gure Sagardo Berria" oihu eginda, Gure Zirkuko Iker Galartza, Joseba Usabiaga eta Lur Aranburuk txotx bolada ireki zuten atzo Astigarragako Alorrenea sagardotegian, XXXII. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunean. Aurretik, Gezamina barietateko sagarrondo berri bat landatu zuten Kontxa Etxeberria plazan.

2025·01·16


Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi zen Erribera Kulturgunean prentsaurrekoarekin eta bertan izan ziren Xabier Urdangarin (Astigarragako alkatea), Azahara Dominguez (Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua), Xabier Arruti (Lurralde Oreka Berdearen diputatua), Clara Navas (Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria), Nora Beltran de Otalora (Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendaria), Unai Agirre (Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko zuzendaria), Jokin Mariezkurrena (Alorrenea sagardotegiko ordezkaria) eta Gure Zirkuko Iker Galartza, Joseba Usabiaga eta Lur Aranburu (gonbidatuak).

Xabier Urdangarin alkateak etxe bakoitzean mimo handiz egin dituzten sagardo berriak probatzeko momentua dela esan zuen, eta Euskal Herriko zein kanpoko bisitariei sagardotegietara etortzeko gonbita luzatu zien, beti ere errespetuz eta gehiegikeririk gabe. Bestalde, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi zuenez, txotx denboraldia Gipuzkoarren bereizgarri bat izateaz gain, gure nortasunaren adierazgarri ere bada.

Era berean, Clara Navasek sagardoaren mundua tradizio bat baino gehiago dela gogoratu zuen: "Erritual bat da, eta sagardoa eta sagardotegiak esperientzia turistikoen funtsezko zati bat dira", gehitu zuen.

Nora Beltran de Otalorak hitza hartu zuenean nabarmendu zuen nahiz eta aurtengo uzta ez dela batere erraza izan, emaitza ezin hobea izan dela, kalitate handikoa.

Uztari dagokionez, Unai Agirrek azaldu zuen aurrekoa baino txikiagoa izan dela, baina espero zen zerbait zela, 2023koa uzta handia izan baitzen. Zehazki, %60 sagar gutxiago ekoiztu dira Euskal Herriko sagastietan, lurraldeen eta zonaldeen arteko ezberdintasunak gorabehera. Hala ere, sagarrak izaera handiagoa izan du. Beraz, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako zuzendariak aipatu duen bezala, aurten sagardotegietan dastatu ahal izango diren sagardoak, orokorrean, kolore eta gorputz gehiagokoak izango dira, eta oso bilakaera ona izango dute luzera. Alkoholari dagokionez, 2023ko uztarekin alderatuta ez dago alde handirik.

Azpimarratu behar da 2024an Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin 1.300.000 litro sagardo ekoiztu direla, 46 sagardotegitan: bat Araban, hiru Bizkaian eta berrogeita bi Gipuzkoan. Denera, Euskal Sagardorako sagarra egiten duten sagargileak 250 dira eta guztira ia 500 hektarea erabiltzen dira horretarako. 2024an bi milioi kilo pasa sagar bildu dira Euskal Sagardorako.

Alorrenea sagardotegian denboraldiari hasiera emango zion kupela hirugarrena izango zela azaldu du Jokin Mariezkurrenak. Kupel horretako sagardoa urrian Alorreneako familiaren sagastietan (Gezamina, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Goikoetxe) bildutako lau sagar barietateekin egindakoa da. Usaintzeko orduan fruta usaina nabaritzen zaio, eta ahoan garraztasunaren, mikaztasunaren eta gozotasunaren arteko oreka dauka.

Gure Zirkuko Iker Galartzak oso hunkituta zegoela adierazi zuen eta zirkuaren mundua sagardogileenarekin alderatu du: "Guk jendeak ondo pasatzeko lana egin behar dugu, eta zuek ere bai. Jendea gustora egoten da gurera etortzen denean, zazpi urteko umeari gustatzen zaio eta 80 urtekoak zoratzen ateratzen dira gure etxetik", esan du. Beraientzat lehen txotxa egitea ohore bat dela azpimarratu eta gero, Joseba Usabiagak honako hau adierazi zuen: "Show bat eskaintzeaz gain, Gure Zirkuak garrantzi handia ematen dio beste balore batzuk transmititzeari: elkartasuna, familia, laguntasuna... Eta nik uste dut sagardogileek hori ere primeran egiten duzuela".

Azkenik, Lur Aranburuk Sagardo Berriaren Egunean parte hartzea plazer bat dela aitortu zuen, eta jendea denboraldi berri honetaz disfrutatzera gonbidatu nahi izan du, elkar errespetatuz eta ondo pasaz.

Bukatzeko, Ana Goitiak txinparta jarri zion prentsaurrekoari monologo bat eskainita. Prentsaurrekoaren ostean, Gure Zirkuko ordezkariek Gezamina barietateko sagarrondo berri bat landatu zuten Astigarragako Kontxa Etxeberria plazan. Ekitaldi sinboliko horrekin naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena azaldu nahi dira.

Sagardotegira sartu aurretik omenaldi txiki bat egin zitzaien Ramon Izeta eta Ximon Gokioetxea txalapartariei, azken hau iaz hil zena, 30 urte baino gehiagoko ibilbidea egiteagatik. Ondoren, Sagardo Berriaren Eguneko unerik garrantzitsuena iritsi da: Alorrenea sagardotegian "Gure Sagardo Berria" esanda, Gure Zirkuak lehen kupela ireki zuen, eta horrekin batera, 2025eko sagardo denboraldi berriari ekin zitzaion.

Eskuratu prentsa dosierra PDF formatuan  

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12