Albisteak

Atzealdea Greba orokorra eta 2020-23 Plan Estrategikoaren aldaketa hizpide urteko lehen Osoko Bilkuran

Urtarrilaren 28an 19:00etan ospatu zen urteko lehen Osoko Bilkura. Aurrez, 18:00etan, Tokiko Gobernu Batzordea ere egin zen. Biak laburrak izan ziren arren, gai garrantzitsuak jorratu ziren.

2020·01·31


Lan pentsio-bizitza duiuna: urtarrilak 30, greba orokorra

Urtarrilaren 30eko grebarekin bat egin du Udalak. Astearteko Osoko Bilkuran ebazpen proposamena onartu zen EH Bilduren aldeko botoekin, EAJ-PNV eta PSE-EE, ordea, kontra azaldu ziren.

Lan- pentsio- eta bizitza-duinaren aldeko grebari atxikimendua adierazi eta Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimenduarekin batera adostu duen Aldarrikapen Taularekin bat egiten du Udalak. Bestetik, lan- pentsio- eta bizitza-duinaren aldeko greba egin ahal izateko erraztasunak eskainiko zaizkie udaleko langileei.

2020-2023 Plan estrategikoa, aldaketa

2019ko abenduaren 20ko Osoko Bilkuran onartu zen 2020-23ko Plan Estrategikoa. Geroztik, dirulaguntza eskaera berriak egon dira, eta horiei erantzun ahal izateko Plan Estrategikoa aldatzea onartu zen astearteko Osoko Bilkuran.

Hauek dira sei dirulaguntza-eskariak:

  • Merkataritza ekintzailetza sustatzeko diru-laguntza
  • Euskal Herriko azterketa sozio-ekonomikoa gauzatzea lagundu
  • Musika-eskolaren jardueraren finantziazioan parte hartu
  • Tafalla eta inguruan egon ziren uholdeei aurre egiteko diru-laguntza
  • Behar bereziak dituzten haurrentzat kalitatezko errehabilitazio terapia egiteko diru-laguntza
  • Muttuaifest antolatzeko diru-laguntza

Tokiko Gobernu batzordea

III.Berdintasun plana

2019.urtean II.Planaren ebaluazioa egin zuen Udalak, horren indarguneak eta hobetzeko alderdiak identifikatzeko. Horrez gain, gaur egun, eta eremu desberdinetan berdintasunaren egoera nolakoa den ezagutzeko diagnostiko berria ere landu du, hurrengo urteetarako lanaren oinarria ongi identifikatu ahal izateko. Udara aurretik egindako lan horretan oinarrituta, Udalak Berdintasunerako III.Plana diseinatzeari heldu dio, 2020-2023 indarraldia izango duena.

Berdintasunerako III.Plana diseinatzearen helburua da Astigarragak tresna eraginkorra izatea datozen urteetan emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean pausoak egiten jarraitzeko. Horrenbestez, berdintasunaren inguruan Astigarragak datozen urteetarako dituen erronkak eta helburuak finkatu dira, eta horiek lortzeko egin beharreko ekimenak ere zehaztu dira.

Urtarrilaren 28ko Tokiko Gobernu Batzordean onartu zen plana, eta hemendik aurrera, Berdintasun sailak Udaleko gainontzeko sailetako langileekin bilduko da datozen urtetan bakoitzaren betebeharrak ongi zehaztu eta azaltzeko.

Kultur etxeko ekipamendua

Astigarragako kultur etxe berrirako ikus-entzunezko ekipamendua eta ekipamendu eszenikoa hornitu, instalatu eta martxan jartzeko lehiaketa abian jartzea onartu zen Tokiko Gobernu Batzordean. Kontratuaren barruko zerbitzu guztietarako gehienezko lizitazio-aurrekontua 570.929,74 eurokoa da (BEZ kanpo) eta 690.824,99 euro (BEZ barne. Bost lotetan banatuta egongo da.

Altzarien lehiaketa martxan jartzeko lanean ari da Udala, eta ahalik eta azkarren aterako du lehiaketara. Guztia prest eta inauguratzeko moduan udara hasieran egotea espero da.

Garapenerako lankidetza programaren laguntzetarako oinarriak

Garapenerako lankidetza programaren laguntzetarako oinarriak berritu dira eta Tokiko Gobernu Batzordean onartu. Aldaketa honen helburua dirulaguntzen banaketa modu objetkiboan egin ahal izatea izan da.

Hauek dira oinarri berriek dituzten ezaugarri nagusiak:

  • Kalifikazio sistema erabiliko da
  • Larrialdi egoerei ematen zaien dirulaguntzen portzentaia handitu da.
  • Sentsibilizazio ekintzak Astigarragan egitea baloratuko da.
  • Kooperazio proiektuetan eskatu daitekeen dirulaguntza kopurua 10.000 eurora mugatu da.