Albisteak
Atzealdea Gizonak berdintasunerantz: gogoetarako eta kontzientzia hartzeko saioak egingo dira gizonentzat
2025·09·22

Udalak Berdintasunerako IV. planean jaso zuen ekintzetako bat da, izan ere, plana diseinatu zenean atera zen ondorioetako bat gizonen inplikazioaren beharra berdintasunean urratsak eman ahal izateko izan zen.
Hori dela eta, Hiruki Larroxako Egoitz Albiolek zuzenduko dituen saio hauek antolatu dira. Gizontasun ereduaren inguruan hausnartzeko espazioa izango dira. Saio horietan, gizonek gogoeta sakona egitearekin batera, ezinegonak eta kezkak partekatzeko, kritikarako eta autokritikarako ere balioko dute.
Saio bakoitzean gogoeta ezberdinak eragin nahi dira: gizontasunari, maskulinitateari, indarkeriari... buruz, eta erronkak eta konpromisoak definitu.
Saioak
Saioak data hauetan izango dira: urriaren 15ean, azaroaren 19an, abenduaren 17an, urtarrilaren 21ean eta otsailaren 18an.
Saio guztiak Erribera kulturgunean egingo dira 17:30etatik 20:00etara.
Izen-ematea
Saio hauek berdintasunerantz urratsak eman nahi dituzten Astigarragako gizon guztiei zuzenduta daude. Parte hartzea doakoa da eta izena eman behar da, epea urriaren 3ra arte zabalik da.
Informazioa jaso eta izena emateko: berdintasuna@astigarraga.eus/638 206 586.
Online ere eman daiteke izena, formularioa betez.
