Albisteak
Giza eskubideen urraketa Kolonbiako, Guatemalako, Honduraseko eta El Salvadorreko herrialdeetan, mozioa
2020·10·26
Mundubat Fundazioa, Herrien Talde Juridikoa edo PARES Fundazioa GGKE-ek egindako zenbait txostenetan azaldu denez, Kolonbian, Hondurasen, Guatemalan eta El Salvadorren baliteke bertako gobernuek osasun-krisi hori erabiltzea bizitza publikoaren bermilitarizaziorako prozesua, atzerakada demokratikoak eta giza eskubideen urraketak justifikatzeko esparru moduan.
Konfinamenduko epealdien ondorioz, biztanle-sektore handiak txirotasunean erori dira, eta, ekonomia informalaren menpe bizi direnez, ez dute diru-sarrerarik sortzeko modurik, ezin direlako kalera irten. Gainera, oso kontuan hartu beharra dago oinarrizko saskia garestitu egin dela hilabeteotan. Hori dela eta, ezin dute erosi ez kutsapena prebenitzeko behar den osasun-materialik ez hain oinarrizkoa den janaririk. Osasun-arlokoa eta, batez ere, elikadura-arlokoa den krisiari aurre egiteko asmoz, herritarrek laguntza humanitarioa eskatzeko berezko ekimena jarri dute abian, eta, horretarako, zapi gorriak jarri dituzte gosea eguneroko mehatxu bihurtu den etxeetako leihoetan. Hala ere, badirudi kasuan kasuko gobernuen erantzunik jaso ez dutela.
Orain indar militarpean dauden hirietan, modu arbitrarioan ari dira jendea atxilotzen, eta, ostean, inolako bitartekaritza judizialik gabe askatasuna kentzen diote “prebentziorako zentroetan”.
Hainbat eta hainbat erakunde humanitario bat datoz adieraztean oso kezkatuta daudela Kolonbiako, Guatemalako, Honduraseko eta El Salvadorreko gobernuek osasun-larrialdiari eman dioten tratamenduagatik osasun-larrialdiaren ostean demokraziak atzera egin dezakeelako, bertako estatuak diktatorialagoak, errepresiboagoak eta militarizatuagoak izan daitezkeelako eta giza eskubideak, zuzenbide-estatua eta adierazpen-askatasuna iragandako hamarkadetako atzerapenera itzuli daitezkeelako.
Hori dela eta, Astigarragako Udalak:
1.Honako hauxe eskatzen die euskal instituzioei (Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei):
1.1. COVID-19agatik sortutako osasun-krisiari aurre egiteko gobernu-neurrien esparruan, Kolonbiako, Guatemalako, Honduraseko eta El Salvadorreko herrialdeetan giza eskubideak urratzen direla salatzea erakunde eskudunen aurrean.
1.2. Kolonbiako, Guatemalako, Honduraseko eta El Salvadorreko herrialdeetako bakeprozesuekin erabateko konpromisoa dutela eta bertako giza eskubideak errespetatzen dituztela adieraztea berriro.
1.3. Mozio hau aipatutako herrialdeetako ordezkari instituzionalei bidaltzea, euskal herritarrek arlo horretan dituzten proposamenak kontuan hartu ditzaten.
2. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluko herrialde kidea denez, instituzio honek honako hauxe eskatzen dio Estatu espainoleko gobernuari:
2.1. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluko Salaketa Prozeduran, honako honexeri buruzko jakinarazpena egitea: COVID-19agatik sortutako osasun krisiari aurre egiteko gobernu-neurrien esparruan, Kolonbiako, Guatemalako, Honduraseko eta El Salvadorreko herrialdeetako giza eskubideetan gertatu ahal izan diren urraketak; eta, batez ere, horrelako neurrien ondorioz El Salvadorreko (1992) eta Kolonbiako (2016) Bake Prozesuetan erdietsitako lorpenetan eman ahal izan diren atzerapausoak. Alde horretatik, hori ikertzeko batzordea sortzeko eskatzen zaio.
2.2. Kolonbiako, Guatemalako, Honduraseko eta El Salvadorreko Aldizkako hurrengo Azterketa Unibertsaletan (AAU), egitate horien inguruko alarma sozialak eta GGKEenak islatzea.
Ikusi mozioa osorik