Albisteak
Atzealdea Gerra Zibilean hildako, desagertutako edota preso egondako biktimen dokumentazioa eskatzeko aukera
2023·05·26
Aranzadi Zientzia Elkartea, Gogora Institutuarekin (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institua) batera, Gerra Zibileko biktimei buruzko ikerketa-lanetan dabil azken urte hauetan. Aranzadi Elkarteak Gerra Zibileko biktimen inguruko informazioa bilduta du. Dokumentazio hori zinez interesgarria, garrantzitsua eta baliagarria da. Horregatik, elkarteak eskuragarri jarri du biktima horien senideek jaso dezaten.
Maider Urretabizkaia Iradi astigartarra Kriminologia eta Psikologia ikasketak burutu ostean hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartean lanean, 2018an. Zehazki, Gerra Zibileko biktimei buruzko ikerketa-lanetan aritzen da. Jendeari euren senideek gerran jasandako errepresioari buruzko informazioa lortzen laguntzen dio: espediente penitentziarioak, gerra kontseiluak, batailoietako nominak, heriotza ziurtagiriak, eta abar. Maiderren hitzetan, “kasu batzuetan, zoritxarrez, oso gutxitan, gorpuak aurkitu eta hezurrak entregatu ahal izaten ditugu. Merezi duten eta orain arte eduki ez duten lurperatze duin eta baketsu bat emateko”.
Maddalen Laburu historialariak gerra zibila eta frankismo garaiko (1936tik 1945era) Astigarrako biktimei buruzko ikerketa-lana burutu zuen eta ikerketa-lan hori izan da hain zuzen ere, “Orri zuriak betetzen” dokumentalaren abiapuntua. Maddalen Laburu Maiderrekin harremanetan jarri zen ikerlana osatzeko eta gainera “Orri zuriak betetzen” dokumentalean Maddalenek Maider elkarrizketatu du.
Maiderrek aipatu digu Gerra Zibileko biktima astigartar ugariren dokumentazioa bildu dutela Aranzadin eta, dokumentalak herrian piztu duen jakinmina aintzat hartuta, dokumentazio hori herritarren eskura jartzea interesgarria litzatekeela. Udala guztiz bat dator Maiderrekin.
Horregatik, Udalak Gerra Zibilean hildako, desagertutako edota preso egondako senideei buruzko dokumentazioa eskatzera animatu nahi ditu astigartarrak. Horretarako, Aranzadiko Antropologia Sailarekin harremanetan jar zaitezkete 943 466142 telefonoan edo ondorengo helbide elektronikoan: gz@aranzadi.eus.
“Orri zuriak betetzen” dokumentalaren hirugarren emanaldia: ekainaren 14an, 19:00etan
“Orri zuriak betetzen” ikus-entzunezkoaren bi emanaldi egon dira dagoeneko; apirilaren 21ean estreinatu zen eta bigarren emanaldia maiatzaren 6an izan zen. Ikusteko aukerarik izan ez dutenentzat, hirugarren emanaldia ekainaren 14an, asteazkenean, 19:00etan izango da Erriberan.