Albisteak
Atzealdea Genero ikuspegia duen ikerketa beka bat argitaratu du Udalak, Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratu, balioan jarri eta herritarren eskura jartzeko
2023·03·14
Udalak argitaratu berri duen beka honen bidez, Astigarragako emakumeen historia ezagutzera eman nahi da. Honekin batera, Astigarragako emakumeek herriko bizitza kultural, sozial, ekonomiko eta politikoari eginiko ekarpena balioan jarri nahi da.
2020an sortu zen bekaren lehenengo edizioa, zeinari esker XX. eta XXI. mendeetako emakumeen gorputz praktiken inguruko ezagutzak areagotu, eta zabaldu ahal izan diren. Bigarren deialdian, emakumeek Astigarragako saltoki txikietan, merkaturatze-zirkuitu laburretan eta lehen sektoreko produktuen salerosketan izan duten zeregina aztertu nahi izan zen, (historikoki eta gaur egunera arte). Deialdi honetan, ordea, ez zen beka-eskaerarik jaso.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango litzateke eta gaur argitaratu dira bekaren oinarriak eta deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Ikusi oinarriak eta eskaera orria.
Hona hemen deialdi honetako hainbat datu aipagarri:
- Beka eskatzaileak: 18 urtetik gorako norbanakoak (Astigarragan erroldatuta egotea ez da ezinbesteko baldintza) edo horretarako propio osatutako nortasun juridikorik gabeko taldeak.
- Ikerketaren gaia: Ikerketa-esparrua irekia da, eskatzaileak erabaki dezala ikerlanaren gaia, betiere bekaren xedearekin bat etorriz.
- Ikerketaren iraupena: 18 hilabete gehienez.
- Bekaren zenbatekoa: 10.000 euro.
- Aurkezteko epea: Martxoaren 15etik apirilaren 13ra.
Beka-eskaerarekin batera, ikerketa-proposamen bat aurkeztu beharko dute eskatzaileek eta epaimahai batek baloratuko ditu. Ondoren, ikerlanen aukeraketa burutuko du epaimahaiak, merezimendu-lehiaketan lortutako puntuazioaren baitan.
Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izango dira:
- Eskatzailearen edo eskatzaileen curriculuma
- Ikerketa-proposamenaren egokitasuna (zuzentasuna eta balio zientifikoa, originaltasuna, bideragarritasuna, metodologia, kronograma...)
- Ikertzaileen edo ikertzaile-taldeen % 51 emakumeak izatea eta ikertzaileen edo ikertzaile-taldeen % 51 Astigarragan erroldatuta egotea.
Bekaren gaia irekia izateak aukera anitzak eskaintzen dizkio eskatzaileari nahi duen ikuspegitik ikerketa lantzeko. Era honetako ikerketek berebiziko garrantzia dute, herriko historia osatzen dute eta. Horregatik, Udalak gonbidapena luzatu nahi die herritarrei beka eskatzeko eta euren ikerketa-proposamena helarazteko.
Bekari buruzko informazio zabaltzeko edo zalantzak argitzeko idatzi berdintasuna@astigarraga.eus helbidera edo deitu 638206586 telefono-zenbakira.