Albisteak

Atzealdea Gaur hasiko da Moriako errefuxiatuei laguntzeko janari bilketa Astigarragan

Irailaren 8an Moriako errefuxiatuen esparruan gertaturiko sutearen ondorio latzak ikusita, Zaporeakek larrialdiko janari bilketa antolatu du Euskal Herrian. Astigarragako Udalak deialdiarekin bat egin du eta irailaren 25etik urriaren 2ra herriko zenbait komertzioetan eta Herri Eskolan elikagai bilketa egingo da.

2020·09·25


Irailaren 9an Moria I kixkali zen eta 5 egunetan Moria II eraiki dute

Irailaren 8etik irailaren 9ko goizaldera bitarte, Moriako errefuxiatuen esparrua erre zen goitik behera, bertan. Une hartan, 13.000 pertsona errefuxiatu zeuden bertan bizitzen eta bat-batean errepide bazterretan bizitzera igaro ziren kale egoeran geratuz.

Lehenengo bizpahiru egunetan ez zuten inolako asistentziarik jaso Greziako gobernuaren aldetik, eta bertan zeuden GKE-en asistentzia humanitarioa soilik izan zuten.

Aipatu egoeran, Zaporeakek inoiz baino otordu gehiago kozinatu zituen.

Suak hartutako esparrua, berriz, 5 egunetan berreraiki dute Mitilini hiriburutik oso gertu, kostaldean. Kanpamendu berri horretan, 5.000 pertsonentzat egokituta zegoena, 9.500 lagun sartu dituzte, beraien gogoz kontra eta helburua lehengoko egoerara itzultzea da; hau da, pertsona errefuxiatuak Greziako irletan konfinatuta edukitzea Europako Batasuneko herrialdeek gaian esku hartzen ez duten bitartean.

Larrialdi egoera honetan Zaporeakeko sukaldea eta lan taldeak lanean dihardu unean uneko beharrizanak identifikatu eta horiek erantzun bat eman ahal izateko.

Astigarragako janari bilketa (irailak 25-urriak 2)

Bilketarako elikagaiak hauek dira:

  • arroz luzea
  • makarroiak
  • lekariak (dilistak, txitxirioak, babarrunak)
  • atuna eta sardinak latan
  • oliba olioa
  • espeziak (piperbeltza, piperbeltz zuria, kuminoa, curry-a)
  • esne hautsa eta barrita energetikoak.

Parte hartuko duten komertzioak hauek dira:

  • Alicia frutadenda
  • Coviran Isabel
  • Coviran Ainhoa
  • Zubitxo frutadenda
  • Ezpela naturdenda
  • Eroski

Komertzio hauetan bertan elikagaiak uzteaz gain, Herri Eskolan uzteko aukera egongo da.