Albisteak
Atzealdea Galtzaur elkarteak blog bat sortu du
2023·02·24
Galtzaur Elkarteak sortu duen bloga bazkideentzat eta informazioa nahi duen edonorentzat da, sarbidea publikoa baita. Helburua elkartearen edukiak argitaratzea eta jendea informatuta mantentzea da.
Blog honen helbidea galtzaurelkartea.blogspot.com da.
Orri nagusian sartzean, lehenik eta behin, deitutako jarduera puntualen deialdia agertzen da, eta, ondoren, egin diren jardueren informazio grafikoa eta idatzizkoa. Egindako jardueren sarrera bakoitzak informazioaz gain, irudi batzuk ere baditu, nahi duenak deskarga ditzakeenak.
Blogeko orrialde guztietan menu txiki bat agertzen da, honako atal hauekin:
- Hasiera: Orria edozein dela ere, orri nagusira eramango gaitu.
- Oharrak: Bazkideentzako oharrak agertzen diren orrira eramango gaitu. Gaur egun, Galtzaur Elkartearekin kolaboratzen duten establezimenduetan deskontuak lortzeko abisu bat dago, podologia, fisioterapia eta akupuntura arloan.
- Zertarako gaude: Triptiko batean zehazten dira Elkarteko kide izateko baldintzak, barne antolaketari buruzko informazioa eta asteko eta hileko jardueren informazio orokorra.
- Gehiago: aukera gehiago zabaltzen dira. Une honetan azpiatal bat dago:
- Asteroko jarduerak: Elkarteak urritik ekainera bitartean astero egiten dituen jardueren programa aurkezten da.
Bilatzaile bat ere badago, bilatu nahi dena idatzi ahal izateko, baita formulario bat ere, nahi den posta-helbidera sarrerak bidaltzeko.
Azkenik, beste menu bat aurkituko dugu, inetereseko webguneetara eramaten gaituena, hala nola Eusko Jaurlaritza, Astigarragako Udala edo Osakidetza; eta dokumentu interesgarrietara, elkartearen estatutuak eta barne-araudia, besteak beste.
Galtzaur Elkartea digitalizatzen
Galtzaur Elkartea buru-belarri ari da lanean elkartea digitalizatzeko. Horren adibide da duela gutxi sortu duten bloga, baina honetaz gain, beste ekintza batzuk ere bideratu dituzte. Besteak beste, orain arte eskuz idatzita zeuden datu guztiak informatizatu dituzte: bazkideen datuak... Halaber, sare sozialetan murgildu dira whatsapp talde bat, telegram kontu bat eta Twitter kontu bat sortuz.
Lan hauen guztien arduraduna Juantxo Castillo izan da, zuzendaritza batzordeko kidea. Zuzendaritza batzordearentzat garrantzitsua da bazkideek teknologia berriak erabiltzen ikastea, oso beharrezkoak baitira gaur egun arlo guztietan, eta horretarako tailerrak ere eskaini dituzte mugikorra eta ordenagailua erabiltzen irakasteko, erabiltzailearen oinarrizko mailan.