Albisteak

Atzealdea Gai gutxi baina esanguratsuak astearteko Osoko Bilkuran eta Tokiko Gobernu Batzarrean

Gai nagusia 2025eko aurrekontuarena izan zen, hasierako onarpena eman zitzaien; beste gaien artean, 2025eko zerga fiskalak eta Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala onartu ziren.

2024·11·28


2025eko udal-aurrekontua

2025eko aurrekontuari hasierako onarpena eman zitzaion. Orain, jendaurrean jarriko da 15 egun balioduneko epean, eta, alegaziorik aurkezten ez bada, behin betiko onartuta geratuko da.

Ikus aurrekontuei buruzko informazioa.

2025eko zerga fiskalak

2025eko zerga fiskalei urriaren 1eko Osoko Bilkuran hasierako onarpena eman zitzaien, eta, ondoren, alegazioak egiteko epea zabaldu zen. Horiek aztertuta, hainbat aldaketa onartu dira.

Batetik, hainbat egokitzapen egin dira idazketari eta testuari dagokienez.

Bestetik, hobariei dagokienez badira zenbait berrikuntza. Horietako bat da lehen sektorean modu profesionalean lan egiten duten landa-lurretan dauden baserriei % 50eko hobaria aplikatzea etxeko ur-horniduran. Beste berritasun bat da kontzeptu berri bat sartu dela udal-zerga eta tasetan hobariak emateko orduan: alokairuak eta etxeko oinarrizko gastuek familien (bizikidetza-unitatea) batez besteko diru-sarreren edo batez besteko errentaren ehuneko hogeita hamar gainditzen badute, bizikidetza-unitate horiei % 25eko hobaria aplikatuko zaie tasa eta tarifa horietan. Eta horrekin batera, hobarien taulan agertzen diren errenten baremoak berrikusi dira.

Azkenik, hondakinei dagokienez, berrikuntza bat dago lokal hutsen kasuan. Jarduerarik gabeko lokalen kasuan, bi tarifa mota bereiziko dira: batetik, ur-hargunea dutenak eta, bestetik, ur-hargunerik ez dutenak. Gutxieneko tarifa aplikatuko zaie ur-hartunerik ez dutenei, gutxieneko ekarpena izango da sistema edukitzeagatik. Era berean, gogoratu behar da hondakinen tasak berregituratu egin direla eta etxeetan, komertzioetan eta poligonoetan igoera nabarmenak aplikatuko direla; izan ere, hondakinei buruzko legearen araudi berriak horien gastu guztiak tasen bidez biltzea eskatzen du.

Udalbatzak behin betiko onartu zituen zerga fiskalak eta urtarrilaren 1etik aurrera egongo dira indarrean.

Zarkumendegiko poligonoa urbanizatzeko proiektua

Zarkumendegiko urbanizazioa amaitzear dago. Azken moldaketekin, hasierako onespena eman zaio eta txostenak eskatu zaizkie hainbat erakunderi (URA, Foru Aldundia eta AGASA-Añarbeko Urak) eremu horretarako.

Adierazpen instituzionala: Euskararen Nazioarteko Eguna

Aho batez onartu zuen Osoko Bilkurak Euskararen Eguneko adierazpen instituzionala. Hona hemen adierazpenaren laburpena:

Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu denaren zantzuak agerikoak dira azken urteetan. Hiztun kopurua zenbaki absolutuetan handitzen doan arren, hainbat dira aurrerapen horren ahultasuna agerian uzten duten gertakariak. Hori guztia aintzat harturik, ELEN erakundeak euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela ohartarazi du. Badakigu egoera iraultzeko lehen eginkizuna auzi hau agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea dela.

Hori guztia dela eta, Astigarragako Udalak honakoa adierazten du:

  1. Konpromisoa hartzen du bere eremuan larrialdiari aurre egiteko eta euskararen normalizazioa azkartzeko ekinbideak garatzeko.
  2. Euskararen erabilera handitzeko hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen Euskaraldia antolatzen hasiko garen honetan, konpromisoa hartzen du ariketa sozial horren bueltan elkarlanerako bideak sortu eta Astigarragan euskarak arnasgune berriak irabazteko lanean jarraitzeko.
  3. Gonbidea egiten die astigartarrei abenduaren 3an Astigarragan nahiz Euskal Herriaren luze zabalean antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko.