Albisteak
Atzealdea Frankismoaren biktimen testigantzak jasotzeko bulegoa zabalduko da Kultur Etxe zaharrean
2022·01·21
Udalak, etorkizuna lantzeko, ezinbesteko tresnatzat ditu iraganaren errekonozimendua eta erreparazioa, memoria historikoari dagokionean. Horregatik, Astigarragako Udal Plenoak Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak proposatutako mozioa onartu zuen 2021eko apirilaren 27an, frankismoaren biktimekiko justizia eskatzeko. Esan beharra dago, mozioa Udaleko hiru alderdi politikoek aho batez onartu zutela.
Frankismoaren biktimek jasotako indarkeria salatzeko, Udalak biktima edota testigu izan diren pertsonen testigantzak jaso eta kereilak bideratzeko zerbitzua eskainiko du. Udalaren Berdintasun, Elkarbizitza eta Partaidetza sailak eskainiko du aipaturiko zerbitzua, eta krimena jasan, ikusi edo bizi izan duen herritar oro gertura daiteke bertara.
Edozein motatako krimena izan daiteke: fusilamenduak, desagertzeak, kartzelaratzeak, isunak, konfiskazioak, langile batailoiak, erbesteratzeak, umilazio publikoak, kargugabetzeak, lanpostu bazterketak, irainak, salaketa faltsuak, etab.
Behin Udalak testigantzak jasota, salaketak espainiar zein argentinar justiziara bideratuko dira. Gogora dezagun Argentinan badagoela Gizateriaren Krimenen Aurkako kereila kolektiboa irekita, Servini epailea aztertzen ari dena. Kereilaren helburu nagusiak hauek dira: ikertzea diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak, zehaztea zein baldintzatan egin ziren, jakitea nortzuk izan ziren erantzule zuzenak eta zeharkakoak, eta kasu horretan, beraien egozte, auzipetze, epaiketa eta zigorra jartzeko erabakia hartzea.
Bulegoa otsailaren 1etik apirilaren 8ra bitarte egongo da zabalik, Kultur Etxe Zaharreko udal bulegoetan. Astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00-13:00 ordutegia izango du, eta ahal izanez gero, aurrez hitzordua hartzea eskertuko da (berdintasuna@astigarraga.eus helbidean edo 943 50 57 01 zenbakian). Aipatutako ordutegitik kanpo hitzordua nahi izanez gero ere, eskatu daiteke helbide eta telefono berean.
Hitzordura ekarri beharreko dokumentazioa: testigantza ematera datorren pertsonaren identifikazio-dokumentua, biktimarena (ez bada testigantza ematera datorrena), eta gertakariaren inguruan dagoen informazio guztia (ahal izanez gero, akreditaziorako dokumentu/argazkiekin).