Albisteak
Formazio jardunaldiak antolatu dira mendeko pertsonei arreta emateko ziurtagiri profesionalari buruz
2022·03·28
24/2017 Foru Dekretuak, abenduaren 12koak, Autonomia Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoak arautzekoak, 11. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa (LPPE) eskuratzeko eta eskubide horri eusteko, laguntzaile pertsonalak arreta soziosanitarioa etxean edo gizarte-erakundetan emateko lanbide kualifikazioa izan beharko du (11.3 f artikulua).
Lanbide kualifikazio hori eskuratzeko dauden zailtasunak medio, Astigarragako Udalak (Bidez Bide, SOS Racismo eta Amher Elkarteekin eta Maitelan kooperatibarekin batera) bi formazio saio antolatu ditu, hori nola lortu eta ikastaroetarako sarbide probak edota ikasketen homologazioen gainean informatzeko.
Lehen saioa sektoreko profesionalei zuzenduta dago eta Astigarragako Emakumeon Etxean eskainiko da martxoaren 29an, 16:00etatik 18:00etara. Bigarrena, berriz, langile zein interesa duen herritar ororentzat irekia da eta apirilaren 4ean eramango da aurrera ordu berean kultur Etxe Zaharrean.
Izen ematea ez da beharrezkoa eta formazioak doakoak dira.