Albisteak
2020·06·18
Osoko Bilkurako gai zerrendan gai bakarra zegoen, presazkoa zena, Hiri antolamenduko plan orokorra idazteko zerbitzuaren kontratuan enpresa aldatzearena, hain zuzen ere.
Apirileko Osoko Bilkuran, GRUPO DAHYE DEVELOPEMENT INVESTMENTS.L. enpresari esleitu zitzaion kontratu hau. Baldintza-agirian eskatutako gaitasun profesional edo teknikoko gutxieneko baldintzak dituela egiaztatu ez duenez, Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko zerbitzu-kontratua enpresa horri ez esleitzea erabaki zuen astearteko Osoko Bilkurak.
Bere ordez, Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko zerbitzu kontratua SABAI ARKITEKTOAK SLP enpresari esleitzea onartu zen, zerrendan hurrengoa izanagatik, 295.000 euroan (BEZa barne hartu gabe), betiere beharrezko dokumentazioa, fidantza, etab. aurkezten baditu.
Tokiko Gobernu Batzordean, aldiz, gai gehiago jorratu ziren, hauek dira esanguratsuenak:
- Santiagomendiko eta Mendiaundi arteko goi-tentsioko dorreen tentsio ertaineko sare elektrikoa lurperatzeko proiektua eta lehiaketa martxan jartzea onartu zen. Obra hau DBHko ikastetxea eraikitzeko Udal Gobernua egiten ari den lanean ezinbesteko urratsa da.
- 2018.urtean aurrekontu partehartzaileetan herritarrek aukeratutako Pumptrack pista eraikitzeko lehiaketa martxan jarri zen asteartean 83.435,55 eurotan (BEZ barne).
- Erribera kultur etxeko horniketa prestatzen jarraitzen du Udalak. Ikus-entzunezko ekipamendua apirilan esleitu zen, baina 5. lotearen (proiekzio-ekipoa) esleipena mahai gainean uztea erabaki zen, Kelonik Digital SL enpresak aurkeztutako eskaintza nabarmen baxua izateagatik eginezina zen edo ez zehaztu arte. Ondoren, enpresak eskainitako prezioaren maila baxuaren justifikazioa aurkeztu zuen, eta dokumentazioa aztertu ondoren, eskaintza onar daitekeela ikusi da. Hori dela eta, atzo enpresa horri 5. lotea esleitzea erabaki zuen Tokiko Gobernu Batzordeak. Horrekin batera, Erribera Kultur Etxeko liburutegi, sarrera, bulego eta areto batzuetarako altzariak eta ekipamendua hornitu eta instalatzeko lehiaketa martxan jartzea onartu zen.
- Hiru elkarteren dirulaguntza izendunen hitzarmenak berritzea onartu zen Tokiko Gobernu Batzordean. Bata, AEK euskaltegiarena; bestea, Herri Eskolako guraso elkartearena; eta azkena, Xaguxar Aisialdi taldearena.