Albisteak
Atzealdea Ezohiko omenaldia baserritarrei aurtengo San Isidro egunean
Maiatzaren 15ean urtero San Isidro eguna ospatzen da Astigarragan. Aurten bizi dugun alarma egoera dela eta, Goldeak ezin izan du ohiko festa antolatu. Hala ere, oso egun berezia denez, Udalak aipatutako elkartearekin eta Herri Eskolarekin elkarlanean, ez du aukera galdu nahi izan eta herriko baserritarrak omentzeko zenbait ekimen antolatu ditu.
2020·05·14
Hauek dira San Isidro eguna ospatzeko antolatu diren ekimenak:
- Udaletxeko fatxada San Isidro eguna ospatzeko bereziki apainduko da, eta Foru plazan barazkiekin egindako figuren erakusketa bat jarriko da.
- Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso saio berezia eskainiko du 12:00etan zuzenean bertsoa.eus atarian. Agin Laburu astigartarrak jarritako gaiei erantzuten ariko dira Andoni Egaña, Nerea Elustondo, Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso bertsolariak. Saioa ostiral arratsaldetik igande gauera arte Udaleko webgunean egongo da ikusgai.
- Herri eskolako ikasleei ere etxeko leiho eta balkoiak baserritarrak omentzeko tresna edo objektuekin apaintzeko eskatu zaie: barazkiak, otarrak, baserriko tresnak, marrazkiak… ipiniaz.
San Isidro eguna ospatu eta baserritarrek egiten duten ezinbesteko lana eskertzeko Udalak herritarrak balkoiak apaintzera gonbidatzen ditu.