Albisteak
Atzealdea Euskarazko produktuen katalogoa banatuko du Udalak, Astiko elkartearen laguntzarekin
2024·12·12
Eguberrietan euskarazko produktuak sustatzeko helburuarekin, urtero bezala, Euskarazko Produktuen Katalagoa herritarren eskura jarri nahi du Udalak aurten ere. Urteko garai hau inugurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, katalogoa banatuko du Udalak, Astiko elkartearen laguntzarekin.
Guztira, katalogoaren 1.500 ale erosi ditu Udalak eta herritarren eskura jarriko ditu. Datorren ostiraletik aurrera, abenduak 13, eskuragarri izango dira katalogoak, Olentzero eta Mari Domingirentzako gutunekin batera; udaletxean, kiroldegian, kultur etxe zaharrean, Emakumeon etxean eta Erribera kulturgunean. Eraikin publiko horiez gain, Astiko elkartearen ondorengo 17 establezimenduetan ere bai:
- Pastain
- Yoss ilepaindegia
- Mon paperdenda
- Gaurkotek
- Astigarrga, hortz klinika
- Gnomos
- Farmacia Aguado
- Zubitxo
- Ibailur
- Triton
- Mapple Tree
- Beti Goxo
- Kaizoku taberna
- Ezpela
- Bukoi
- Astigarraga consultores
- Mapfre
Eguberrien atarian, euskarazko produktuak erostea sustatu nahi du Udalak eta horretan laguntzeko banatuko da katalogoa. Katalogoan euskaraz argitaratutako produktuak ageri dira eta aurten itxura berria estreinatu du. Produktuak bi ataletan sailkatu dira; atal bat 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin eta bestea 12-16 urte bitarteko nerabeentzako produktuekin. Haur eta gaztetxoak euskaraz gozatzeko produktu egokienak eta horien inguruko oinarrizko informazioa jasotzen ditu liburuxkak.
Liburuxkaz gain, sarean ere eskuragarri dago bilduma. Katalogoa etengabe eguneratzen da eta aukera ematen du bilaketak egiteko eta produktu berrienen informazioa boletin bidez jasotzeko. Web orritik buletin elektronikora harpidetuz gero, harpidedunek urtearen buruan 10 buletin jasoko dituzte, argitaratu berri diren produktuen erreferentziekin. Interesgarria da haur eta gazteei euskarazko opariak egiteko.
Zozketa
Astiko elkarteak Gabonetako ekitaldia egingo du abenduaren 20an. Ekitaldi honetan, hainbat zozketa egingo dira; besteak beste, Olentzero eta Mari Domingiren gutuna utzi dutenen artean oparitxoak banatzeko zozketa.