Albisteak
Atzealdea Euskara ikasteko eskaintza zabala Astigarragako AEK euskaltegian
2024·09·20

Asko izan ohi dira irailaren hasieran euskara ikasteko asmotan izan ohi diren herritarrak. Horietako askok euskara-maila bat eskuratzea izan ohi dute helburu, beste batzuek ezagutzan eta erabileran aurreratu nahi izaten dute. Bada, aurtengoan ere eskaintza zabala eskainiko du Astigarragako AEK euskaltegiak; maila eta ordutegi zabalarekin. “Euskara eroso bizitzeko” goiburu hartuta, matrikulazio epea zabalik da herriko euskaltegian. Hori dela eta, eta herritarrek informazio guztia izan dezaten, aste honetan banatu da herriko etxe guztietara esku-orria.
Matrikulatzeko edo informazio gehiago eskatzeko, bide hauek daude:
- Astigarragako AEK euskaltegiara joan (Kultur Etxe Zaharra).
- 607 610 687 telefonora deitu.
- astigarraga@aek.eus helbidera idatzi.
Udalaren dirulaguntzak euskara ikasteko
Astigarragako Udalak euskara ikastera animatu nahi ditu herritarrak. Eta ahalik eta erraztasun handienak eman nahi dizkie astigartar guztiei.
Indarrean da urteroko euskara ikasteko laguntza deialdia. Dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute 2023-24 ikasturtean edo 2024ko udan euskaltegi homologatu batean euskara ikasten edo hobetzen jardun duten astigartarrek, baita 2024-25 ikasturterako dirulaguntza aurreratzekoa ere. Aurten, orotara, 34.400 euro bideratuko ditu Udalak.
Udalak matrikula kostuaren % 75 eta % 100 arteko dirulaguntza emango die euskaltegietan matrikulatzen diren astigartarrei; beti ere, HABEko dirulaguntzen osagarri. Oro har, matrilkularen %75 lagunduko da eta, berariaz, matrikularen %100, ondorengo baldintzaren bat betetzen dutenei: egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritarrei; langabetu, jubilatu, erritaratu, pentsiodun edo ikasleei; desgaitasunen bat aitortua dutenei, 0-12 urte bitarteko guraso edo legezko turoreei eta familia ugariko kideei; herrian merkatari edo ostalari gisa lan egiten duten langileei; azken hiru urteetan 3 maila gainditu dituztenei eta, oro har, A0 eta A1 mailako ikasle guztiei.
Laguntza eskaerak urriaren 18ra bitartean eskatu daitezke; udalaren egoitza elektronikoaren bidez, edo paperean, Astigarragako udaleko Erregistro Orokorrean ( Foru Plaza, 13).
Ikasi ez ezik, praktikatu euskara
Euskara ikasteko Astigarragako AEK euskaltegiaren eskaintzaz gain, urtero-urtero eskaintzen ditu Udalak euskararen erabilera sustatzeko eta euskaraz aritzeko saioak; praktika egitasmoak, alegia. Euskara praktikatu nahi baina norekin egin ez duten, edota euskalduna izanda euskaraz bizitzeko aukera berrien bila dabiltzan herritarrentzako, aurtengoan ere eskaintza zabala eskainiko da Astigarragan.
Mintzalagun programak jarraipena izango du 2024-25 ikasturtean. Euskaraz hitz egiteko talde txikiak osatzen dira (4-5 lagun), astean behin ordubetez elkartzeko. Taldeak osatzeko norberaren disponibilitatea eta zaletasunak hartu ohi dira kontuan. Iaz 5 talde sortu ziren eta ikasturte honetan talde berriak egiteoa asmoa daukagu.
Bestetik, Gurasolagun egitasmoa ere indartuko da. Familien arteko giroa euskalduntzeko proiektua da; eta baita euskara praktikatu nahi dutenek euskara-maila hobetzekoa ere. Guraso orok parte jar dezakle; euskaraz hitz egiteko nahia baino ez da behar. Jakina, gurasoak euskaraz praktikatzeko elkartzen diren bitartean, haurrak egon litezke bertan.
Taldea astean behin elkartuko da; Herri Eskolako patioan, jangela txikian edo interesa agertzen duten familiek aukeratzen duten beste inon.
Praktika egitasmoei buruzko informazioa eskuratzeko eta izena emateko: 665 677 821
Udalak helburu du praktika ekimen horiek udalerriean errotu eta haztea. Izan ere, datozen urteetako erronka nagusienetariko bat udalerrian euskaraz aritzeko ahalik eta gune, espazio eta bilgune gehien eskaintzea izango da.
