Albisteak
2024·07·03

Euskara ikasteko dirulaguntzen helburua HABEk (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) 2023-24 ikasturtean edo 2024ko udan euskaltegi homologatu batean euskara ikasi edo hobetu duten astigartarrei ematen dien dirulaguntza osatzea da. Oro har, herritarrek % 75eko dirulaguntza jasoko dute. Baina, kasu batzuetan, eta baldintza batzuk betez gero, matrikularen % 100 jaso ahal izango da. Halaber, 2024-2025 ikasturteko matrikularen %100 aurreratzeko eska daiteke, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira.
Kasu guztietan, dirulaguntza eskatu nahi duten interesdunek, ohiko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
- Eskaera normalizatua (E011)
- NANaren kopia
- Euskaltegiaren ziurtagiria (aprobetxamendua)
- Matrikula ordaindu izanaren egiaztagiria
%100eko dirulaguntzak eta dirulaguntza aurreratzea
Ikasleek % 100eko dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte honako kasu hauetan, eta ohiko dokumentazioaz gain, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
- Oinarrizko errenta edo udalaren larrialdi laguntza jasotzea, edota deialdiko 6.oinarriak tarte bakoitzerako zehazturiko errentatik beherako diru-sarrera dituztenek. Kasu horretan, 2023ko ekitaldiko errenta-aitorpena edo gutxieneko diru-sarrera bermatzeko errenta jaso izanaren agiria aurkeztu beharko dute.
- Langabetu, jubilatu, erretiratu, pentsiodun edo ikasle (unibertsitatea/ lanbide heziketa) direnek. Langabeziaren ziurtagiria, matrikularen ordainagiria (ikasleak) edo erretiro/pentsio ziurtagiria aurkeztu behar dituzte.
- Desgaitasun aitortua dutenek, 0-12 urte bitarteko haurren guraso edo legezko tutoreak edo familia ugariko kide direnek. Kasu horretan, desgaitasun-ziurtagiria, familia-liburua (12 urte arteko haurren gurasoak) edo familia ugariaren txartela aurkeztu beharko dituzte.
- Herrian merkatari edo ostalari gisa lan egiten dutenak. Merkatari edo ostalaritza gisa lan egiten duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute.
- A0 edo A1 mailako ikaslea izatea edo azken hiru urteetan 3 ikasturte gaindituta izatea. Kasu honetan, euskaltegiko mailaren ziurtagiria edo azken 3 urteetan gainditutako mailen ziurtagiriak aurkeztu behar dira.
2024-2025 ikasturterako dirulaguntza aurreratzeko eskatu nahi dutenek 2024-25 ikasturteko matrikulazio-ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
Laguntzak epea irekitzen denetik urriaren 18ra arte eskatu ahal izango dira. Udalak eskaerak modu telematikoan egiteko gonbitea egiten dizue, baina Udalaren erregistroan ere egin ahal izango dira.
