Albisteak

Atzealdea Etorkizuneko Astigarragako hirigintza, emakumeen* ikuspegitik martxoaren 11, 18 eta 25ean

Astigarragako Udalak partaidetza-prozesu bat antolatu du, berrikustera doan HAPOan emakumeen* ikuspegia txertatzeko. Helburu honekin, hainbat formakuntza- eta partaidetza-saio prestatu ditu, hiru lantaldetan garatuko direnak: Udal-Mahaian, Mahai Teknikoan eta Emakumeen* Mahaian.

2020·03·09


Aniztasuna eta eguneroko bizitza mahai gainera, emakumeen* begiradari esker. Hirigintza arloan hartzen diren erabakiek guztion bizimoduei eragiten dieten arren, badakigu askotan erabaki horietan ez direla biztanle guztien beharrak maila berean jartzen. Hori ekiditeko, eta feminismoek erakutsitako bidetik, besteak beste honoko gaiak bistaratu eta txertatu nahi dira HAPOan:

  • Segurtasuna eta babesa espazio publikoan.
  • Zaintza lanak eta zaintzaren mugikortasuna.
  • Denboraren kontziliazioa eta erantzunkidetasuna.
  • Etxebizitza eta ekipamenduak Genero Ikuspegitik.

Noiz eta non elkartuko da Emakumeen* Mahaia?

Hiru saioak Emakumeen Egunaren hurrengo 3 asteazkenetan egingo dira, 17:30etan hasita, Kultur Etxean:

  • Martxoak 11: “Hirigintza emakumeen* ikuspegitik: teoriatik praktikara”, formakuntza saioa.
  • Martxoak 18: “Sukaldetik plazara: nolako etxeak eta nolako kaleak nahi ditugu Astigarragan?”. Segurtasuna, irisgarritasuna, zaintza, kontziliazioa eta abar eraikuntza- eta hirigintza-ordenantzetan txertatzeko parte-hartze saioa.
  • Martxoak 25: “Etorkizuneko Astigarragako hirigintza”. Abiatu berri den HAPOan Genero-Ikuspegia txertatzeko gidalerroak osatzeko parte-hartze saioa.

Parte-hartze zabala, anitza...

Prozesu honetan ez ditugu hirigintzan “adituak” behar, Astigarragan bizitzen “arituak” baizik. Beraz, saioak herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituen emakume orori zuzenduta daude, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere (eta bai, gizonezkoak ere ongi etorriak izango dira).