Albisteak

Atzealdea Estatuko indarkeriaren biktima izan diren lau astigartarrei omenaldia

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, abenduaren 10ean, Udalak estatuko indarkeriaren biktima izan diren Tomas Alba, Joseba Barandiaran, Agustin Irazustabarrena "Legra" eta Bixente Perurena omenduko ditu. 17:00etan, Joseba Barandiaran plazan.

2019·12·07


Omenduak

  • Joseba Barandiaran Urkola, 19 urte: 1978ko San Fermin odoltsuen ondoren, uztailaren 11n, Estatuko indar polizialek tiroz hil zuten Astigarragako gaztea, Donostiako manifestazioan zegoela.
  • Tomas Alba Irazusta, 42 urte: 1979ko irailaren 28an, Donostiako zinegotzia tiroz hil zuen "Batallon Vasco Español" delakoak, Kako jatetxean afaltzetik irten zen momentuan.
  • Bixente Perurena, 38 urte: 1984ko otsailaren 8an, Hendaiako etxetik ateratzera zihoanean, Angel Gurmendirekin batera GALek tiroz hil zuen.
  • Agustin Irazustabarrena Urruzola: 1985eko irailaren 25ean, Baionako Mon Bar tabernan zegoela GALek tiro batez hil zuen.

Ekitaldia

Abenduaren 10ean egingo den ekitaldia ez da estatikoa izango, hainbat gune izango ditu.

17.00etan Joseba Barandiaran plazan hasiko da. Bertan, biktimen familiako kideei lore eskaintza egingo zaie. Jarraian, udaletxeko ordezkariek hartuko dute hitza eta Agin Laburu arituko da bertsotan.

Ondoren, herriko erdigunean dauden hiru monolitoak bisitatu eta lore eskaintza egingo zaie.

17.30ak aldera Perurena aldera abiatuko dira, bertan Astigarreko dantzariek eta Txirriskla txistulari taldeak agurra dantzatu eta joko dute Bixente Perurenaren monolitoaren parean. Ekitaldia Agin Labururen bertsoekin amaituko da.