Albisteak

Atzealdea Eskola Agenda 2030eko Udalbatza berezia, ostegunean

Ekainaren 10ean, goizeko 11:00etan, Eskola Agenda 2030aren Udalbatza Berezia izango da Astigarragako Udaletxeko udalbatza aretoan. Bertan, Astigarragako Herri Eskolako ikasleek ikasturtean zehar egin duten lanaren emaitza azalduko dute.

2021·06·08


Ikasturte honetan, Agendako 15. Garapen Iraunkorreko Helburuaren baitan, “Basoak” gaia landu dute, hainbat mailatan: curriculum mailan, sortzen diren arazoak ikasgai desberdinetan landu dituzte; ikastetxearen kudeaketa ere aztertu dute eta zenbait hobekuntza proposatu dituzte; azkenik, herriaren egoera aztertzeko hainbat kanpo-jarduera egin dituzte.

Herriaren eta jendartearen egoera aztertzeko ere kalean zehar hiru jarduera desberdin egin dituzte, lehorreko ekosistemak ezagutu, egoera aztertu eta onura nahiz kalteen inguruan hausnartuz.

Datorren ostegunean, azken jarduera hauen emaitzak azalduko dizkiete Udal arduradunei eta Astigarragako herritarrei, hau da, herriari buruzko ondorioak, ikasleek hartu dituzten konpromisoak eta, azkenik, herriaren hobekuntzarako proposamenak.

Udal-ordezkariek eskaerei erantzuna emango diete, eta herritarrek ere gaiaren inguruko iradokizunak edo galderak egiteko tartea izango da.