Albisteak

Atzealdea Escape room ibiltari batek emango dio bukaera ‘Konekatu komertzio txikiarekin’ kanpainari

Escape roomean parte hartzeko 3-5 lagunetako taldeak egin eta aurrez izena eman behar da. Festari amaiera emateko, Astiko Elkarteak pintxoak banatuko ditu.

2024·12·17


Urtea borobiltzeko plana proposatu die Astiko Elkarteak astigartarrei. Abenduaren 20an "Konektatu komertzio txikiarekin" kanpainaren amaiera festa egingo du herriko merkatarien, ostalarien eta zerbitzuen elkarteak Emakumeon Plazan, arratsaldeko 17:00etan hasita: escape room ibiltaria egingo da herriko zenbait komertziotatik. Astigartar orok hartu dezake parte jolasean, baina 16 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta egin behar dute. Horretarako, 3-5 lagunez osatutako taldeek aurrez izena eman beharko dute, hemen. Talde bakoitzak 45 minutuko zirkuitua egingo du, eta orotara, arratsaldeko 20:00ak arte arituko dira taldeak herriko establezimenduetatik probak egiten. Talde guztiek bukatzen dutenean, sari banaketa egingo da Emakumeon Plazan.

Bitartean, Emakumeon Plazan izango da festa nagusia, DJ Mikeltxik girotuta. Arratsaldeko 18:00etan, Olentzero eta Mari Domingiri gutuna idatzi dioten haurren artean hiru produktu-sorta zozketatuko dira. "Konektatu komertzio txikiarekin" kanpainako kromorik onena aukeratu nahi da, herritarrek onena zein den aukeratuko dute eta haien artean ere opariak banatuko dira. Eta bukatzeko, escape roomeko sari-banaketaren ostean, Astiko elkarteak pintxoak banatuko ditu bertaratu direnen artean.