Albisteak

Atzealdea Erribera Kulturgunea abian da

Erriberak larunbateko inaugurazio ekitaldiarekin ireki zituen ateak eta dagoeneko hainbat zerbitzu martxan ditu: liburtegia, postalen instalazioa eta inaugurazio ekitaldiko argazkien erakusketa, besteak beste. Joan den asteburuan eraikina barrutik ezagutzeko egindako bisita gidatuek eta Astigarraga eta Kultura lotzen dituen dokumentalaren proiekzioak izandako harrera ona dela eta, igande honetan ere bisita gidatuak egiteko eta dokumentala ikusteko aukera izango da.

2020·09·18


Bisita Gidatuak eta Dokumentala

Irailaren 20an 10:00etan, 11:00etan eta 12etan eraikina barrutik ikusteko aukera izango dute herritarrek. 10 pertsonetako taldeak egingo dira eta bisita gidatuetan parte hartzeko Erribera Kulturguneko sarreran eman beharko da izena (aurrez edo egunean bertan lekurik baldin badago).

Dokumentala ere igandean eskainiko da, arratsaldean, 18:00etan. Horretarako sarrerak Erriberan edo Udaleko Webguneko plataforman eskuratu daitezke.

Jarduera hauek doan izango dira.

Zerbitzuak

Erribera Kulturgunea zabalik dago 9:00etatik 13:00era eta 16:00tatik 20:00etara astelehenetik ostiralera.

Zenbait zerbitzu dagoeneko instalatuta daude kulturgune berrian, beste batzuk aldiz, datozen asteotan ezarriko dira bertan.

  • Kultura Saila

Kultura Saila Erriberan dago lanean dagoeneko.

  • Liburutegia (10:00-13:00/16:00-20:00)

Liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak Erriberan aurki ditzakegu; liburuen mailegua, postontzia, haurren txokoa…

Liburutegiko zerbitzu guztiak erabili daitezke, baina covid-19-a dela eta, zenbait neurri eta aforo mugak zehaztu dira, eta erabiltzaileek ere higiene eta segurtasun neurriak bete behar dituzte.

  • Erakusketak

Une honetan bi erakusketa aurki ditzakegu Kulturgunean. Alde batetik, herritarrek bidalitako postalekin egin den instalazio bisual eta sonoroa dago erakusketa gelan, eta urriaren 10era arte egongo da instalazioaz gozatzeko aukera.

Bestetik, larunbateko inaugurazio ekitaldiko hainbat argazki jarri dira ikusgai Erriberako sarreran.

  • Musika Eskola

Irailaren 21ean, astelehenean, hasiko dira Norberto Almandoz Musika Eskolako ikasle zein irakasleak Erriberako gelak erabiltzen.

  • Herriko elkarteak

Herriko elkarteek ere aurki izango dute euren entseguak kulturgunean egiteko aukera.

  • Ikastaroak

Ikasturte honetan kultur ikastaroak Erriberan eskainiko dira. Guztiak urrian hasiko dira, eta hurrengo astean zabalduko da izena emateko epea.

Oraingoan ikastaroek berezitasun bat izango dute, izen-emateak eta ordainketak hiruhileka egingo dira. Bizi dugun osasun egoera dela eta hartutako neurria da hau. Beraz, lehen hiruhilekoa urritik abendura bitartean izango da. Joan den ikasturtean ikastaroren batean ibili zirenek ezin izan zituztenez azken hilabeteetako klaseak eman, ikasturte honetan ikastaro berean izena ematen dutenek lehen hiruhilekoa doan izango dute. Ikasturte honetan izena ematen ez dutenei dirua itzuliko zaie.

Hauek dira urritik aurrera Erriberan eskainiko diren ikastaroak: yoga, chi kung, pintura eta marrazketa, hainbat dantza (euskal dantza, line dance…) eta joskintza.

  • Ikasteko gela

Ikasteko gela ere urritik aurrera egongo da erabilgarri. Hasera batean 10:00etatik 13:00etara eta 16:00tatik 20:00etara egongo da zabalik. Hau ireki bitartean, liburutegian dagoen ikasteko gunea erabili daiteke.

  • Kultur Programazioa

Ohiko Kultur Programazioa urrian abiatuko da: antzezlanak, erakusketak, literatur solasaldiak, hitzaldiak, etab.

Kultur Agendaren unean uneko informazioa whatsappez jasotzeko aukera dago. Interesa duenak 636 890 159 telefonora idatzi behar du izen-abizenak eta telefono zenbakia jarriz. 

  • Gazte Informazio Gunea

Gazte Informazio Gunea ere aurrerago Erriberako Kulturgunean aurkituko dugu. Bitartetan dituzten sareen bitartez (instagram, facebook, whatsapp eta twitter) jaso ahal izango da informazioa edo hitzordua eskatuz: gazteinfor@astigarraga.eus eta 616 599 334.