Albisteak
2021·03·02
2020ean Middinek proposamen bat helarazi zion Astigarragako Udalari: Sexualitatea eta berdintasun gaiak errealitate birtualaren bidez lantzeko joko bat sortzea. Aukera paregabea iruditu zitzaion Udalari heziketa eta teknlogia berriak batzen dituen proiektu baten aldeko apostua egitea, Berdintasun arloan egiten ari zen lana indartzeko eta gai hau gaztetxoenana hurbiltzeko. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko lanean aurrerapausuak ematen jarraitu nahi du Astigarragako udalak, eta aukera hau paregabea da helburu hori lortzeko bidean.
Udalaren Berdintasun saila eta Gaztelekua elkarren eskutik doaz adingabeen esku hartzean eta bere ohiko dinamiketan nerabeekin ere berdintasunarekin loturiko gaiak lantzearen beharra dagoela jakinda, joko hori bere erabiltzaile diren 12-14 urteko gazteei zuzentzea erabaki zen, Kultur Etxe Zaharreko eraikuntzaren 2.solairuan kokatuta dagoen azpiegituran.
Zertan datza?
Errealitate birtualaren bidez, gazteei egunerokoan bizi ditugun egoeretan esperientziak bizitzeko aukera ematen die eta erabaki bakoitzak dituen ondorio eta hausnarketak bizitzeko bide ematen du. Egungo gazteek teknologiekin duten eguneroko lotura dela eta, tresna erakargarria eta gertukoa egiten zaie, eta modu dibertigarrian, telesail bat sarean ikusten egongo balira bezala, berdintasunarekin eta sexualitatearekin lotutako gaietan trebatzeko inguru segurua eskaintzen die.
Astigarragako Gaztelekuko erabiltzaileek esperientzia birtual hau martxoaren 4an hasi eta sei hilabetetan zehar bizitzeko aukera izango dute haientzako espreski prestatutako plataforman. Guztira, murgiltze-esperientziak hamar dira, errealitate birtualeko betaurrekoen bidez bizi direnak, eta berdintasunarekin eta sexu-heziketarekin lotutako eguneroko egoerak islatzen dituztenak. 10 esperientziak bost unitate didaktikotan banatuta daude, eta gai hauek lantzen dituzte, besteak beste: Emozioen kudeaketa, osasun sexuala, bizikidetza berdintasunean, aniztasuna, estereotipoak, identitatea eta plazer erotikoa. Horietako bakoitzean, erabiltzaileak 360º-ko esperientzia birtual interaktiboak biziko ditu, eta pertsonaien ekintzak nerabeak aukeratuko ditu istorioaren norabidea markatuz.
Astigarragako Udala mota honetako esperientzia birtuala garatu eta bultzatu duen lehen erakundeetako bat da. Lehen froga honek balorazio baikorra badu, eduki gehiago landuko dira, beti ere gazteen behar eta nahiak kontuan hartuta. Eta, beste adin tarteentzako prestatutako eduki berriak lantzea ere baloratuko da.
JOKOAREN AURKEZPEN EKITALDIA, prentsari zuzendua:
- Eguna: Martxoak 3
- Ordua: 10:00etan
- Lekua: Kultur Etxe Zaharreko 1.go solairuko ARETOAN
- Partaideak: Astigarragako alkate den Xabier Urdangarin; berdintasun zinegotzi den Aintzane Barandiaran; gazteria saileko teknikaria den Mikel Arostegi eta Middin enpresako Leyre Jauregui eta Sara Viglione gipuzkoar gazte ekintzaileak.
Bertan, prentsak jokoa probatzeko aukera izango du eta jokoaren sortzaile eta arduradunek jokoaren nondik norakoak azalduko dituzte.