Albisteak

Atzealdea Eragiyokek III. Ahober zikloa itxiko du opera, zarzuela eta Gabon-abestiez osatutako gau lirikoarekin

1
Eragiyok abesbatzak Astigarragako Udalaren laguntzaz antolatzen duen Ahober zikloak urteko azken hitzordua izango du datorren larunbatean, abenduaren 20an, Erribera kulturgunean arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

2025·12·12


Ahober 2023. urtean jarri zen abian Eragiyokek ahots berdinen errepertorioa lantzeko eta zabaltzeko egindako lanari jarraipena emanez, ohiko zikloek gutxiago lantzen duten esparrua. Ordutik, antolatzaileez gain, Bilboko Jatorki Ahots Zuriak, Voces Graves de Madrid, Oñatiko emakumeen Hots Abesbatza, Hondarribiko emakumeen Kanta Cantemus Korua eta Asturiaseko Ferrum ahots grabeen taldea pasa dira Astigarragatik, besteak beste.

Oraingo honetan, gau lirikoa antolatu du non, Eragiyokekin batera, Ainhoa López de Munain sopranoa eta Josu Cabrero tenorra arituko diren, guztiak ere Henar F. Clavel pianistaren laguntzarekin. Elkarrekin opera eta zarzuelako lanak abestuko dituzte, hala nola zale gehienek ezagutzen dituzten ‘Il Trovatore’, ‘Rigoletto’, ‘Marina’ edota ‘ La tabernera del puerto’ moduko obren pasarteak: koruak, bakarlarien ariak eta erromantzak, baterako obrak… Eta abendu betean egonik, ez dira faltako ere garaiko Gabon-abestiak.

Emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak dagoeneko eskuratu daitezke Astigarragako Udalaren webgunearen bitartez edo Erribera kulturgunean bertan.

Ainhoa López de Munain

Ainhoa López de Munain (Gaizteiz) sopranoa da eta berriki “Ciudad de Logroño” Nazioarteko Kantu Lehiaketan, Corsica Lirica lehiaketan eta Vallesecoko Zarzuela Lehiaketan Internazionalean saritua izan da. Gaur egun, Hochschule für Musik Hanns Eisler eskolan ari da ikasketak amaitzen, Berlinen.

Eszenatoki garrantzitsuetan jardun du eta hainbat jaialdi entzutetsutan parte hartzera gonbidatu izan dute, besteak beste, Donostiako Musika Hamabostaldian, Santanderko Nazioarteko Jaialdian eta Cuencako Erlijio Musika Asteko Abendu Zikloan. 2023an, Santanderko Musika eta Akademia Topaketak beka eman zion, eta 2024an Berlingo Wagner Elkarteak emandako Bayreuth beka ospetsua jaso du, eta horri esker, Berlingo Deutsche Oper-en kontzertu batean parte hartu zuen.

Josu Cabrero

Josu Cabrero tenorra Leioan (Bizkaia) jaio zen, eta prestakuntza akademiko eta musikal sendoa du: Musika Hezkuntzako Magisteritza eta Lehen Hezkuntzako Gradua Burgosko Unibertsitatean; Kantuko eta Pianoko titulu profesionalak Rafael Frühbeck de Burgos eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioetan, hurrenez hurren; eta Kantuko Goi Gradua Musikenen.

Askoren artean, ‘Le nozze di Figaro’, ‘Madama Butterfly’, ‘Die Zauberflöte’, ‘Dido & Aeneas’, ‘Les comtes d’Hoffmann’, ‘I Puritani’, ‘Hamlet’, ‘La Bohème’, ‘Rigoletto’, ‘Il Trittico’ eta ‘Adriana Lecouvreur’ operetan aritu da, Arriaga Antzokian, ABAO Bilbao Operan, Oviedoko Operan eta Iruñeko Baluarten. Monteverdiren ‘Magnificat’, Buxtehuderen ‘Membra Jesu Nostri’, Händelen ‘Messiah’ eta Schuberten ‘Winterreise’ lanetan ere parte hartu du, besteak beste.

Henar F. Clavel

Avilesen jaio zen. Musika ikasketak Julián Orbón Kontserbatorioan burutu zituen eta Ikasketa Profesionalen Amaierako Saria eman zioten. Gaur egun Marta Zabaleta pianistarekin trebatzen ari da Musikenen.

13 urte zituela, sei astez ikasi zuen Albany-ko (New York) Luzerne Music Center-en. 2020tik 2022ra bitartean, nazioarteko hainbat sari lortu zituen, eta, besteak beste, New Yorkeko Carnegie Hall, Salzburgoko Mozarteum, Bonneko Beethoven-Haus, Erromako Parco della Musica, Vienako Musikverein eta Londresko Royal Albert Hall auditorioetan egin zuen debuta.

1