Albisteak

Atzealdea Eragiyokek Ahober zikloa itxiko du Gabonetako kontzertu bereziarekin

1
Ahober ahots berdinen ziklo koralaren hirugarren kontzertua abenduaren 23an izango da, 19:00etan, Astigarragako elizan. Eragiyok abesbatza Matias Sagreras organista argentinarrarekin eta Oiasso Boskotea harizko talde gipuzkoarrarekin batera arituko da.

2023·12·18


Kontzertu honekin amaiera emango zaio aurten lehen aldiz Astigarragan egin den ahots berdinen abesbatza zikloari, Eragiyokek Astigarragako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Abesbatzen Elkartearen laguntzaz antolatu duena. Aurreko bi emanaldietan herritik pasa dira Jatorki Ahots Zuriak Bilboko emakumeen taldea eta Voces Graves de Madrid gizonezkoen abesbatza. Antolatzaileak dagoeneko lanean hasi dira 2024an egingo den bigarren ekitaldiari begira.

Abenduaren 23an, 19:00etan – ERAGIYOK & Matías Sagreras & Oiasso Boskotea

Azken emanaldi honetarako Gabonetako kontzertu berezia prestatu du Eragiyokek. Matías Sagreras eta Oiasso Boskotearen laguntzaz, eliz-musika eta Eguberri doinuak uztartuko dituen programa aurkeztuko dute. Lehenengo zatian, aurten errepertorioari gehitu dioten Vicente Goicoechearen ‘Missa in Honorem Immac. Concept. B.M.V.’ emango dute, aurretik Hondarribiko Eliz-Musika Zikloan eta Azpeitiko Udako Musika Printzak jaialdian interpretatu dutena.

Bigarren zatia Gabon-kantez osatuta egongo da eta bertaratutakoek Jose Olaizola, Tomás Aragüés, Valentin Larrea eta Jesus Guridiren obrak entzun ahal izango dituzte. Horien artean nabarmentzekoa izango da Larrearen ‘Villancico al Niño Jesús’-en interpretazioa, horrekin batera hasiera emango baitiote konpositore gipuzkoarrak abesbatzarako egindako obra berreskuratzeko lanari.

Era honetan Eragiyokek ahots berdinentzat idatziriko euskal egileen lana zabaltzeko egitasmoari jarraipena ematen dio, izan ere 2018an sortu zenetik mota horretako ia ehun obra abestu baititu.

Matías Sagreras organoan eta Oiasso Boskotea harizko taldea

Matías Sagreras Buenos Airesen jaio zen, eta han hasi zituen piano-ikasketak, “Ástor Piazzolla” Udal Kontserbatorioan. Ondoren, Musika-Arteen lizentziatura lortu zuen, organoko intentsifikazioarekin, Arteen Unibertsitate Nazionalean. 2018an musika-tresna horretan espezializatu zen Musikenen Esteban Landartekin. Halaber, ikasketa pribatuak egin zituen Daniel Roth, Loïc Mallié eta Juan de la Rubiarekin, baita eskola magistralak jaso ere Ben van Oosten, Wolfgang Zerer eta Leo van Doeselaarrekin, besteak beste.

Bere jaioterrian kontzertuak eman ditu, hala nola Euskal Herrian, Espainian, Suitzan, Mexikon, Estatu Batuetan, Brasilen eta Uruguain, bakarlari gisa eta orkestra eta abesbatza garrantzitsuekin batera.

Oiasso Boskotea Oiasso Kamerata hari-orkestrako bakarlari eta kideek osatzen dute. Formazio horretan harizko taldeentzako musika zabaltzen dihardute azkeneko 10 urteetan, kontzertu ugari eman eta publiko zabal batera iristea lortu dutelarik.

Boskote moduan ere Valentin Larrearen harirako errepertorio osoa eskaini dute Irungo Ricardo Requejo ganbera-zikloan, eta hainbat kontzertu eskeini FICABen inaugurazioan, Donostiako Tabakaleran eta Lasarte-Oriako musika ziklo iraunkorrean besteen artean.

1