Albisteak
Eragiyok abesbatzak Ahober, ahots berdinen abesbatza zikloaren bigarren kontzertua eskainiko du urriaren 7an, 19:00etan, Erribera kulturgunean
2023·10·03
Datozen egunotan bost urte beteko ditu Eragiyokek eta urteurren hori baliatuta ahots berdinen ziklo hau antolatu du Astigarragako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Abesbatzen Elkartearen laguntzaz.
Ekainean abiatu zen Jatorki Ahots Zuriak Bilboko emakume taldearen kontzertuarekin eta abenduan hirugarren saioa izango du. Ahoberen bitartez Eragiyokek Astigarragako, inguruko herrietako eta Gipuzkoako kultura eskaintza handitzea bilatzen du gutxiago landutako esparru batean, ahots berdinen taldeena. Horrekin, ahots berdinen errepertorioa zabaltzeko egindako lanari jarraipena ematen dio. Izan ere, bost urteko ibilbide honetan ahots berdinetarako egindako ehun obra desberdin baino gehiago abestu ditu, euskal egileenak izanik horietako laurogei.
Voces Graves de Madrid eta Eragiyok
Madrilgo ahots grabeen talde prestigiotsuak bat egingo du Eragiyoken urteurrenarekin urriaren 7ko emanaldian. Kontzertua 19:00etan hasiko da eta gonbidapenak udaletxeko webgunearen bidez edo Erribera kulturgunean bertan eskuratu ahal izango dira aurrez. Egitarau erakargarria iragarri dute bi abesbatzek. Eragiyokek sarrera gisa hasierako kantuak emango ditu aurten errepertorioari gehitutako hainbat obra abestuta. Madrildarrek euskal musikagileen eliz-musikako eta folkloreko lanak aukeratu dituzte bere emanaldirako. Eva Ugalde, Aita Madina, Junkal Guerrero edota Jesus Guridiren obrak entzun ahal izango dira, besteak beste. Amaitzeko, bi taldeek Josu Elberdinen bi doinu hautatu dituzte elkarrekin abesteko, Izar ederrak eta Segalariak.
Voces Graves de Madriden ibilbidea
Voces Graves de Madrid Abesbatza 1995ean sortu zen, eta gaur egun berrogeita hamar kide ditu. Juan Pablo de Juanen zuzendaritzapean aritzen da. Abesbatzak 20 sari baino gehiago jaso ditu nazioarteko lehiaketetan, Genk (Belgika, 2022), Cork (Irlanda, 2017), Varna (Bulgaria, 2010) eta Torrevieja (Espainia: 2006, 2009 eta 2014) nabarmenduz. 260 kontzertu baino gehiago egin ditu, jaialdi ospetsuetako gonbidapenak eta irrati-telebistako emanaldiak barne. Espainiako auditorium garrantzitsuenetan aritu da, hala nola Valentziako Palau de la Música, Teatro Monumental, Auditorio Nacional de Música edo Teatros del Canal. Bere moldakortasunari esker, hainbat musika estilo eta programa berritzaileri aurre egin ahal die, eliz-musika garaikidetik eta herri musikatik hasi eta obra sinfoniko-koral handietaraino. Interpretatutako lan handien artean nabarmentzekoak dira Vasily Petrenkok zuzendutako Shostakovitxen Babi Yar 13. sinfonia, CAMeko Arte Sakratuaren Jaialdian Frank Liszten Requiem-aren jatorrizko bertsioa Espainian estreinatu izana edo Cherubiniren Requiem-aren bi organoetarako bertsioaren estreinaldia.