Albisteak
Atzealdea Erabaki garrantzitsuak onartu ziren azaroko Osoko Bilkuran eta Tokiko Gobernu Batzarrean
2021·12·01
Azaroaren 30eko Osoko Bilkuran eta Tokiko Gobernu Batzarrean hainbat erabaki garrantzitsu hartu ditu udalak.
Bi kreditu aldaketa onartu ditu Osoko Bilkurak, lehendabizikoa alokairu sozialerako etxebizitza bat erosteko kreditu aldaketa (140.000 euroko kreditu aldaketa) eta, bigarrena, Erribera kulturgunean eskailera osagarriak egiteko inbertsioetako partidara 32.000,00 gehitzeko.
Alokairu sozialerako 5 etxebizitzen zozketa: Udalak laster alokairu sozialerako 5 etxebizitzen zozketa egiteko deialdia argitaratuko du. Urumea Berriko azken etxebizitza blokean Udalak 3 etxebizitza eskuratu ditu eta azaroko tokikoan beste etxebizitza bat erosteko akordioa hartu du. Etxebizitza horien deialdia laster argitaratuko da eta eskabideak aurkezteko epea amaituko da urtarrilaren 31n.
2022ko aurrekontua. Hasierako onarpena: Astigarragako Udalak hasierako onarpena eman dio 2022ko aurrekontuari, EH Bilduren aldeko 7 botoekin eta EAJ/PNVren aurkako botoekin. Aurrekontua guztira 10.439.177,00 eurokoa da, Astigarragak inoiz izan duen aurrekonturik handiena.
2022ko zerga fiskalak: azaroko plenoan 2022ko ordenantza fiskalari aurkeztutako alegazioak erabaki eta behin betiko onartuta geratu da 2022ko ordenantza fiskala (urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean). Onartu den alegazioaren arabera, seme-alaben zaintza partekatua duten etxejabeei bigarren etxebizitzarengatik kobratzen zaien errekarguaren baldintzak malgutu egingo dira.
Zarkumendegiko industrialdea garatzeko urrats erabakigarria egin du Udalak azaroko plenoan, izan ere, hiritartze proiektuari aurkeztatutako alegazioak ebatzi, proiektuaren aldaketen eranskina onartu eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Mozioak eta adierazpenak: azaroaren 30eko Osoko Bilkuran mozio bat eta adierazpen bat onartu ditu Udalak:
- Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpena: aho batez onartu du Osoko Bilkurak
- Interes publiko goreneko proiektuak: EH Bilduko udaltaldeak aurkeztutako mozioa onartu du plenoak, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin. EAJ/PNVk aurkako botoa eman du. Mozioaren bidez, Astigarragako Udalak salatu du Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura jasotzearen aurka dagoela, eta baita ere, gure udalen toki-autonomiarentzat kaltegarria den eta gure toki-demokrazia urratzen duen beste edozein tresnaren aurka ere. Halaber, Astigarragako Udalak EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteari eskatzen dio, udalen interesa defendatzeko, jendaurrean adieraz dezala aurka dagoela eta dagozkion kudeaketa guztiak egin ditzala Lurralde Antolamenduari buruzko Legea aurreko puntuan deskribatutako moduan alda ez dadin.