Albisteak

Atzealdea Erabaki garrantzitsuak onartu ziren azaroko Osoko Bilkuran eta Tokiko Gobernu Batzarrean

Donostia ibilbidea hiritartzeko proiektua onartu du Udalak, komun publikoak egiteko obrak esleitu ditu eta garapenerako lankidetzarako dirulaguntzak eman ditu, besteak beste.

2021·12·23


Abenduaren 22ko Osoko Bilkuran eta Tokiko Gobernu Batzarrean hainbat erabaki garrantzitsu hartu ditu Udalak.

Donostia ibilbidea hiritartzeko proiektua onartu du plenoak

2021-12-22ko Osoko Bilkuran Donostia ibilbidea hiritartzeko proiektua onartu da aho batez. Proiektuaren helburua da hezegunetik Kale Nagusiaren amaierako biribilgunera, Txingurriko biribilgunera, doan zatia hiritartzea eta egoki antolatzea oinezkoen espaloiak, bidegorria, errepideak eta aparkalekuak.

Proiektuaren aurrekontua 1.473.507,06 eurokoa da guztira, gastu orokorrak, irabazi industriala eta BEZa sartuta.

2012an sarrerako biribilgunetik hezeguneko biribilgunera egin zen hiritartze-obraren antzekoa da. 2012an Foru Aldundiarekin hitzarmena egin zuen Udalak hiritartze lan horietan bidegorria egiteko (bidegorria Foru Adundiaren eskumena da) eta oraingoan ere Foru Aldundiarekin hitzarmena egitea adostu dugu. Hitzarmen horren ondorioz, Foru Aldundiak finantzatuko du hiritartze lan horietan bidegorriari dagokion zatia, eta 297.435,91 euroko ekarpena egingo dio Udalari.

Komun publikoak eta Santio Zeharrako bihurguneak: abenduaren 22ko Tokiko Gobernu Batzarrean 3 kontratu esleitu dira: alde batetik, Santio Zeharrako 1 eta 3. kurbak hobetzeko obra Sasoi Eraikuntzak SL enpresari esleitu zaio, 129.263,50 euroko prezioan. Bestetik, Portutxon komun publikoak eta bizikletak garbitzeko gunea instalatzeko eta atsedenleku bat egiteko obra esleitu zaio ACUÑA SA enpresari 87.110,49 euroko prezioan. Eta, azkenik, Foru plazan komun publikoak instalatzeko obra esleitu zaio OLPRIM INGENIERÍA Y SERVICIOS SA enpresari 77.835,58 euroko prezioan. Hiru obra horiek laster hasiko dira.

Garapenerako lankidetza programako dirulaguntzak. Tokiko Gobernu Batzarrak dirulaguntza hauek ematea onartu du, garapenerako lankidetza programaren barruan:

  • Salvamento Maritimo, Aita Mari Maydayterraneo egitasmoa: dirulaguntza 3.054,10 euro.
  • Egoaizia elkartea, natur hondamendiek erasandako haur eta nerabeentzako laguntza humanitarioa: dirulaguntza 3.054,10 euro.
  • RASD elkartea, Saharako errefuxiatuei janaria emateko proiektua: dirulaguntza 3.054,10 euro.
  • AMAP elkartea, Beiruteko leherketaren 200 biktimei laguntza humanitarioa, materiala eta laguntza psikologikoa emateko proiektua: dirulaguntza 3.054,10 euro

Mozioa: abenduaren 22ko Osoko Bilkuran mozio bat onartu du Udalak, hain zuzen ere AHTrik EZ, Eguzki eta Ekologista martxan taldeek aurkeztutakoa, salgaientzako abiadura handiko trenaren zatiari buruzkoa. Mozioa EH Bilduren aldeko 7 botorekin eta kontrako 5 botorekin onartu da (4 EAJ/PNVrenak eta 1 PSE-EErena).

Mozioak, laburbilduz, adierazten du merkantzietarako abiadura handiko Astigarraga-Lezo trazadura, ingurumenari eta ekonomiari dagokienez, jasanezina dela eta bertan behera geldiarazteko eskatzen du. Zehazki, honakoa onartu du Udalak:

1. Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioari Astigarraga-Lezo abiadura handiko merkantzien tartearen espedientea geldiarazteko eskatzea.

2. Aipatutako Ministerioari aipatutako trazadura egiteari uko egin diezaiola eskatzea.

3. Udalak azkar jardutea, baldin eta trazadura horrekin zerikusia duten obrak udalerrian egin izanaren berri badu, nahitaezko udal-lizentziarik ez badute eta berehala geldiarazi behar badira.