Albisteak
Atzealdea Epaimahaiak Santio jaiak 2025 iragartzeko kartel irabazlea aukeratu du
2025·06·13

Udalak maiatzean jarri zuen martxan Santio jaiak iragartzeko kartel lehiaketa. Jai batzordeko hainbat kidek osatutako epaimahaiak (Berdintasun eta Kultura zinegotziak, Gazte Asanblada, Danborrada, Aurrera Mutilak, Gaztelekua, Marmitako eta herriko musika talde bateko kideak), jasotako kartelen artean Sara Etxeberriaren "Kolorez jai" kartela aukeratu zuen. Lor zitzakeen 8 botoetatik 5 boto lortu zituen irabazleak.
“Kolorez jai”
Kartelean islatzen diren elementuei dagokienez, plazan biltzen diren pertsona guztiak haize-bolada batek balantzaka eta airean hegan daramatzala ikus daiteke, hori da irudi nagusia. Bertan joaldunak eta danborra daraman pertsona ikus daitezke; <<gure folklorea eta ohiturak gogoan hartuta ekarri ditut. Beraz, dantzan eta saltoka dabiltzan pertsonaiek Santio Jaiak jai parte-hartzaile eta herrikoi gisa irudikatzen dituzte>> dio sortzaileak. Loreak, ilargia eta beste elementu natural eta fantastiko batzuek Astigarragako ingurune naturala eta udara gogorarazten dute.
Kartelak kolore biziak eta askotarikoak erabiltzen ditu ikuslearen arreta erakartzeko. Egilea kontrasteetan oinarritu da, eta tonu berezi batekin fantasiazko giroa sortzen saiatu da. Forma bihurri, oker eta dinamikoen bidez, irudien mugimendu-sentsazioa islatu nahi izan du bere estilo pertsonaleko pertsonaien bitartez.
Pertsonak irudikatzeko orduan, adin guztietako eta estereotiporik gabeko pertsonak ageri dira. Gainera, pertsonaia horiek jai-giroaren energia eta emozioa transmititzen dute. <<Niretzat oso garrantzitsua da mota honetako lanetan askotariko gorputzak irudikatzea, disidenteak eta adineko pertsonak barne. Gorputzaren irudiaren inguruko egungo gatazkaren aurrean nire lan artistikoaren bidez hartutako erabaki kontzientea da>> azpimarratu nahi izan du Sarak.
Oro har, kartel honek herria eta bisitariak jaietan parte hartzera, dantzatzera, ospatzera eta elkarrekin gozatzera gonbidatzen ditu. Estilo ludiko eta umoretsu baten bidez, jai herrikoia iragarri nahi du, haur, gazte eta helduek gozatuko dutena.
Kartela Santio jaietako egitarauaren azalean agertuko da, eta jaiei lotutako euskarriak ere diseinu horrekin egingo dira.
Kultura saila azken ukituak ematen ari zaio programazioari, eta jaietako egitaraua uztaileko lehen hamabostaldian aurkeztu eta banatuko da astigartarren etxeetan.

