Albisteak
Atzealdea Emakumeon Plaza berria inauguratuko da abenduaren 13an
2020·12·09
Plazako obraren aurrekariak
Inagurazio hau, duela 2 urte hasi zen partaidetza prozesuaren ondorioa da. 2017. urtean plaza horri Emakumeon Plaza izena jarri zitzaion. 2018an hainbat herritarrekin plaza horren eraberritze lanei buruzko partaidetza prozesua jarri zen martxan. Herritar horien iritziak eta eskaerak bilduta, plazaren proiektua idatzi zen.
Behin proiektua idatzita, obrak 2019an zehar egitea aurreikusi zen. Plaza horretan dagoen 45 metroko paretean mural baten beharra zegoela ikusi zen. Eta noski, Emakumeon Plazako parte zela ikusirik, irudiak emakumeekin loturikoa izan behar zuen.
Muralaren diseinua eta prozesu parte hartzailea
Astigarragako Emakumeon Plaza desinatzerako garaian emakumeekin lotutako mural baten beharra ikusi zen. Mural hori osatzerako garaian garrantzizkotzat jo zen herriko emakumeak inplikatzea, eta bide horretan murala osatzeko ardura Nagore Legarreta argazkilari eta sortzaileari eman zitzaion. Astigarragako Berdintasun Sailarekin elkarlanean, argazki saioak antolatu ziren udaberrian zehar herriko emakumeentzat.
Guztira 200 emakumek eman zuten izena hasieran. Alabaina, Covid-aren ondorioz, saioak eten behar izan ziren. Ondoren, maiatza aldera, berriz ere ekin zitzaien saioei. Azkenean, guztira 140 emakumek hartu zuten parte argazki saioetan.
Behin argazki saio guztiak burututa, Nagore Legarretak argazki horiek bildu eta muralaren diseinuari ekin zion.
Behin lan hori burututa, diseinu hori beirazko panel handietan serigrafiatu da.
Irudi errealekin osatutako murala
Muralaren diseinua argazki saioetan burututako ehundaka irudietatik hartutako gorputz jarrerekin osatu da: adin, joera, jatorri eta sentsibilitate ezberdinetakoak.
Aldi berean, emakumeen indarrak dituen aldaera ezberdinak ikusarazi nahi izan dira diseinuan: emakumeen askatasuna, aukeratzeko gaitasuna, emakumeen indar intelektuala edota i ndar fisikoa, emakumeon eraikitzeko gaitasuna, ahalduntzea, mugak jartzeko gaitasuna, elkar babesteko gaitasuna, irribarre edo dantza egiteko gaitasuna, besteak beste.
Muralaren erdigunean, muralak irudi deskriptiboetatik abstraktuagoetara egiten du. Irudiak eramaten gaitu emakume multzo baten artera murgiltzera. Kolore ezberdinetako beso multzo bat ikusten da elkar korapilatuta, eta irudiak bertako parte izatera eramaten zaitu. Beso horiek Astigarrako eta mundu osoko emakume guztien sinbolo dira.
Abenduak 13, inaugurazio egitaraua
12:00etan hasiko da ekitaldia:
- Agurra: Astigar Dantza Taldea eta Txirriskla ( txistulariak)
- Sarrera: Prozesua nolakoa izan den azalduko du Aintzane Barandiaran, Berdintasun Zinegotziak.
- Plazako obren garapena erakusten duen “ making off” bideoa ikusi ahal izango da, muralak erdian duen pantailan.
- Muralaren diseinuaren azalpena: Nagore Legarretak.
- Uxuri Irastorzak dantza garaikidea dantzatuko du, Inma Aramburoren laguntzatz (bibolinjolea).
- Herriko talde feministako kideen hitzak.
- Bertso musikatuak: Izarne Zelaia ( bertsoak), Inma Aramburo ( bibolina), Aintzane Barandiaran ( kitarra).
- “Konplize ditut eta” abestia abestuko dute herriko zenbait emakumek.
Murala osatzeko argazki saioetan parte hartu zuten emakumeei oroigarri bat emango zaie. Argazki proiekzioan jasotzeko aukera izan ez zutenek, abenduaren 13an inaugurazio ekitaldian izango dute jasotzeko aukera.