Albisteak
Atzealdea Emakumeon plazako urbanizazio lanik handienak amaituta
2020·08·07
Martxoan hasi ziren Emakumeon plaza birgaitzeko urbanizazio lanak eta aurreikusitako epean egin dira. Dagoeneko urbanizazio lanik handienak amaitu dira eta gaur (abuztuak 7) zabaldu da plaza. Dena den, estalpea eta murala urrian amaituko dira eta bitartean itxitura batek inguratuko ditu.
Zirkulazioa
Tomas Alba kaletik Galtzaur kalera doan bidea eta aparkalekuak zabaldu zaizkie gaur (abuztuak 7) ibilgailuei. Era berean, Lanberri kaletik Pelotari kalera doan bidea ere zabaldu da.
Aldiz, Tomas Alba kaletik Errekatxora doan bidea itxita geratuko da, eremu hori oinezkoentzako izango delako. Hori dela eta, Errekatxo kaleko atzealdeko bide eta aparkalekura Lanberri kaletik sartu beharko da, azken hilabeteotan bezala.
Inguruan dauden hiru plazak (Sagardo plaza, Joseba Barandiaran plaza eta Pentagono plaza) Emakumeon plazarekin oinezko-ardatz batean elkartu dira.
Murala
Emakumeon plazari benetako nortasuna emango dion herriko emakumeekin egindako argazki saioetan oinarritutako murala urrian jarriko dela aurreikusten da, plazan alderik alde egongo dena.
Une honetan argazki saioekin lortutako irudi eta materialarekin lanean ari da Nagore Legarreta argazkilaria, murala prestatzen.