Albisteak

Atzealdea Emakumeei aholkularitza juridikoa emateko udal zerbitzua irailaren 23an berrekingo da

Zerbitzua hilean behin eskainiko da, astelehen arratsaldetan, Emakumeon etxean. Edozein emakumek erabil dezake zerbitzua, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

2024·09·17


Udal zerbitzu honek emakumeok gai anitzekin lotutako gatazkei buruzko aholkularitza juridiko espezializatu bat izateko eskubidea bermatu nahi du. Aholkularitza horrek aukera emango digu epairik gabeko espazio seguruan entzunak izateko, dauzkagun eskubideak eta gatazkei aurre egiteko tresnak ezagutzeko, erabakiak hartzeko segurtasuna eta motibazioa handitzeko eta baliabideak antzemateko, autoestimua handitzeko, eraso matxisten kasuak detektatzeko edo/eta bestelako zerbitzu publikoetara bideratuak izateko.

Zein gai kontsulta daiteke?

Gai zibil eta penalei buruz edozein gai kontsulta daiteke. Ohiko gai batzuk hauek dira:

  • Familia: Banaketak, dibortzioak, mantenu pentsioak, bisita erregimenak...
  • Indarkeria matxista: Indarkeria egoerak detektatzea, eskubideak ezagutzea, erasoei buruzko prozesu judizialak eta horiek izan ditzaketen ondorio eta eraginak...
  • Lana: Etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa...
  • Atzerritasuna: Gaiarekin lotutako kezkak eta gatazkak.

Zerbitzua konfidentziala, doakoa eta pertsonalizatua da (bakoitzaren egoera zehatzak aztertuko dira, dauzkagun eskubideak eta horiek bermatzeko bide egokienak adieraziz). Arreta aurrez aurrekoa izango da eta aditu baten laguntza eta aholkularitza izango ditugu, beti ere, ikuspuntu feministatik.

Hitzorduak astelehen arratsaldetan eskainiko dira, hilean behin 16:00etatik 19:00etara. Hitzordu bakoitzak ordubeteko iraupena du gehienez, eta aurrez hitzordua eskatu behar da, Emakumeon Etxean: emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com edo 648 41 71 57.

Zerbitzuari buruzko informazioa