Albisteak

Atzealdea Andre Gobadarien ibai parkeak 18.000 m2-ko azalera irabazi du, eta publiko guztien gozamenerako ingurune natural bilakatu da.

16
Alde batetik, parkea handitzeko lanak egin dira; eta bestetik, aisialdiko eta kirola egiteko elementuak ipini dira.

2024·06·13


2017an Andre Gobadarien ibai parkearen lehen zatia egin zen, eta ordutik Udalak hainbat egokitzapen egin ditu ibai parkea jantzi, handitu eta babesteko. Ibai parkearen proiektua egiterakoan hainbat helburu zehaztu dira: garapen urbanistikoa definitzea, uholdeen aurkako esku-hartzea garatzea, aisialdia bultzatzea eta ibaiaren habitat naturala lehenestea.

Herritarrentzat gune garrantzitsua da ibai parkea, eta horren erakusgarri da 2020ko eta 2021eko aurrekontu partehartzaileetan boto gehien jaso dituen aukera izan dela.

Handitzea

Ibai parkea handitzeko obrak amaitu berri dira, uholde-arriskuak murriztu, ibai-ekosistema hobetu eta herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin, eta horrekin batera espezie inbaditzaileen aurka borrokatu nahi izan da. Ibai parkearen lehenengo zatiak zituen 44.400 m2-ko azalerari 18.000 m2 gehitu zaizkio egindako lanekin.

Honako jarduketa eta egokitzapen hauek egin dira:

  • Lur mugimenduak egin dira:
    • Urumea ibaiaren eskuineko ertzeko plataforma beheratu da uholde-arriskua hobetzeko eta egungo euri-uren ibilgua bete da.
    • Eremua ekialdetik zeharkatzen duen eta industrialdeko euri-urak biltzen dituen erreka desbideratu da.
  • Eremua egokitu da erabilgarriagoa eta atseginagoa izan dadin, herritarrek erabil dezaten, hiri-altzariz hornitu eta ibilbideak diseinatu dira.
  • Ibaiertzeko landarediko landaketak egin dira. Guztira 1.300 zuhaitz berri inguru landatuko dira (haltzak, lizarrak, hurritzak eta sahatsak).
    • Dentsitate handiko haltzadiak landatzea, eskuineko ertzetik beherako kota duten eremuetan.
    • Zuhaixka-espezieak, hurritzak (Corylus avellana) eta sahatsak (Sambucus nigra) landatu dira, euri-uren hoditeriaren gainazalean.
  • Ibilgura sartzeko puntu bat sortu da jaitsiera mailakatu baten bidez, platanondo-enborrak erabiliz.
  • Anfibioentzako putzu bat egin da, habitata dibertsifikatzeko eta espezie horiek ugalketa-eremuak sortzeko.

Eremua amaitu gabe geratu da, laster hasiko baitira Euskal Trenbide Sareak-eko lanak eremu horretan bertan. Geltokiarekin lotura izango duen pasarela sostengatuko duten zutabeak aipatutako eremuan eraikiko direlako. Beraz, lan horiek amaitzen direnean, erreka zeharkatuko duen egurrezko pasarela bat kokatuko da, bideak amaitu, belarra erein eta zuhaitzak landatu gabe utzitako eremuak osatuko dira.

Txakurrak aske ibiltzeko eremu hesitu bat ere egongo da, une honetan lanak egin gabe badaude ere, laster hasiko dituzte eta udara aurretik amaituta egongo direla aurreikusten da.

Proiektu horrekin, Astigarragako Udalak ibaiaren ertzak berreskuratu ditu, eta herritarren esku jarri. URA ur agentziarekin hitzarmena sinatu zen proiektu honetarako eta Udalak 184.629,83 euroko dirulaguntza jaso zuen.

Kirol- eta aisialdi-elementuak

Parkearen goialdean eta erdialdean makina bioosasungarriak, kalistenia eta haurren aisialdirako hainbat elementu dituen espazioak eraiki dira.

Haur eta nerabeen aisialdirako proiektua 2021ean egindako “Jolastuko al gara?” partaidetza prozesutik ateratako ideietan oinarritu da. Prozesu horretan Herri Eskolako haurrek eta Gaztelekuko nerabeen parte hartu zuten.

  • Ariketa gunea: Gaur egungo oinezkoentzako bideetan ariketa fisikorako hainbat gune sortu dira. Bi motatakoak dira:
    • Kalistenia (intentsitate altuko ariketa fisikoa egiteko).
    • Adineko pertsonei bideratutako ariketa fisikorako makinak (bioosasungarriak).
  • Trebatze gunea: haur eta nerabeei bideratutako trebatze gunea da. Kota aldaketa baliatuz, txirristak eta igotzeko hainbat elementu anitz kokatuo dira: sokak, enborrak, harriak, sareak, igoera plataformak…Bilgunearen harmailarekin bat egiten dute, harmaila bera gora eta behera ibiltzeko zirkuituan txertatuz.
  • Tirolina: Trebatze gunearen osagarri gisa, beherago tirolina bat jarri da.
  • Ur eremua: Urarekin jolastu eta ikertzeko gunea izango da, freskatzeko eta beroa egiten duen garaian gozatzeko aukera emango du. Bertan, ur-txorrotak eta iturri askaduna ipini dira. Askak haurrek ura manipulatzeko aukera izatea ahalbidetuko du, ur-pistolak betetzeko, edota urarekin esperimentatzeko, besteak beste.

Argiteria indartzea

Azkenik, Udalak ibai-parkean argiteria indartzeko lanak ere egin ditu. Behe mailan dagoen azken bidean izan ezik, gainontzeko bideetan farola berriak instalatu dira.

Ibai-parkean egindako lan guztiek inbertsio handia suposatu dute Udalarentzat, guztira 1.200.000 euro ingurukoa. Egokitzapen horiekin guztiekin parkearen erabilera plurala eta belaunaldien artekoa izatea espero da, herritar guztientzako gune naturala, eta erabilera desberdinetara egokituko dena.

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16