Albisteak
Atzealdea Suizidioaz eta osasun mentalaz hausnartzeko mahai-ingurua egingo da apirilaren 10ean
2024·03·26
Sarritan ezkutatu arren, suizidioa hor dago, gertatzen da eta gertakari horien atzean beti dago sufrimendua. Suizidioa egunerokotasunean presente dagoen errealitate bat izanagatik ere, gai tabua da, aurreiritzi eta mitoz janzten duguna. Inguruan tokatzen zaigunean minik ez emateko helburuarekin ez dugu jakiten zer esan edo nola jokatu, eta beste batzuetan, egoera larriak aurrean izanda ere, ez daukagu arrisku-faktoreak identifikatzeko baliabiderik.
Isildutako errealitate horri ahotsa jarri nahian, Biziraun, maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea-ren laguntzaz, suizidioari eta osasun mentalari buruzko mahai-ingurua antolatu du Astigarragako Udalak. Biziraun elkarteko kideek ongi dakite zein gogorra den maite duten pertsonaren galera traumatikoak dakarren dolua eta suizidioa tarteko dagoenean, horri gehitzen zaion bakardadea eta estigmatizazioa. Horregatik, elkartearen helburu nagusia; maite duen pertsona baten suizidioa jasan duen orori elkarretaratze eta laguntza gune bat eskaintzea da. Horrekin batera, besteak beste, suizidioaren prebentzioa sustatu eta babestu nahi dute; ondorioz, suizidioa osasun publikoko arazo gisa ikustarazteko, sentsibilizazioa eta heziketa lantzea dute xede.
Mahai-inguruan Biziraun elkarteko kideek parte hartuko dute eta hizlariak honakoak izango dira: Iratxe Etxenike, Laura De la iglesia eta Aitziber Garmendia; dinamizatzaile gisa Agustin Erkizia arituko da. Hizlariek gertakari gogorrak bizi izan dituzte oso gertutik eta euren bizipenetatik abiatuta, gaiarekiko mitoei eta testigantzei tartea eskainiko diete.
Mahai-ingurua apirilaren 10ean, 18:00etan, Erriberan izango da. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz izango da eta gaztelaniara aldi bereko itzulpena egongo da.
Gaztelekua
Suizidioa eta osasun mentalaren gaiak edozein adinetan du eragina. Horregatik, Gaztelekuko nerabeekin solasaldia izango du Iratxe Etxenikek, Biziraun elkarteko kideak, apirilean.