Albisteak
Atzealdea Ekaineko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarrean gai ugari onartu ziren
2026·07·03

Hiru kontratazio-espediente onartu ziren batzarretan:
• Kale garbiketa zerbitzua
Kale Garbiketaren kontratazio espedientea onartuta geratu zen eta esleipen prozedurari hasiera eman zitzaion.
Bi loteetan aterako da lizitazioa. Lehenengo lotean ohiko garbiketak edo bide-garbiketa orokorreko eragiketak eta bigarren lotean markesinak eta estalki zeharrargiak eta ehunak garbitzeko lanak, 2 urtean behin egingo direnak: markesinak (bus geltokiak), aterpe eta estalkiak (eskola, emakumeon plaza, Erribera, jolas parkeetako testilak...). Kontratu berria ateratzeko garaian, hartatu beharreko azaleran egokitzapenak egin dira eta aldaketa txiki batzuk txertatu dira (txakurguneak, maiztasuna handitu da eremu txiki batzutan...). Aurreko kontratuan "dekapadora" berria jarri zen martxan eta ia osorik amortizatu da. Oraingo lehiaketan amortizazio karga hori ez da erabat desagertzen, "barredora" berri bat behar delako.
Bi loteak gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezientzat gordeta daude. Lizitazio prezioa, BEZik gabe honakoa da: 1. lotea: 494.759,45 euro; eta 2. lotea: 16.759,19 euro. Kontratuaren iraupena 2 urtekoa izango da, eta urtebetez bi alditan luzatzeko aukerarekin.
• Ongizateko lokala egokitzea
Nabarra Oñatz kaleko 3-5 zenbakiko beheko solairuan elkarren ondoan dauden bi lokalen egokitzapen obrak egiteko kontratazioa-espedientea 4 BADIA MANTENTZE SERBITZUAK SLU enpresari esleitzea BEZik gabeko 400.099,10 eurotan (484.119,91 euro BEZarekin) lehiaketan puntuazio altuena izan duen enpresa delako. Obrak irailaren hasieran hasiko dira.
• Nerabeentzako zerbitzua: Gaztelekua
Kontratazio espedientea onartuta geratu zen eta esleipen prozedurari hasiera eman zitzaion. kontratuaren xedea izango da
Astigarragako nerabeentzako zerbitzu balioaniztuna kudeatzea (informazioa,
orientazioa, laguntza, aisia-hezkuntza, adierazteko eta parte hartzeko kanalak, eta
sorkuntza eta ekoizpenerako laguntza), genero-ikuspegiaren zeharkakotasunetik.
Zerbitzu horrek berekin dakar zerbitzua diseinatzea, planifikatzea, antolatzea, ematea
eta ebaluatzea.Lizitazioaren gehieneko zenbatekoa (indarrean jartzen denetik 2028ko abuztuaren 31ra
arte) 201.264,70 €ko da BEZik gabe, eta 221.391,18 €koa % 10eko BEZa barne duela.
Herri barruko autobusaren zerbitzua sortzeko bi gai onartu ziren Osoko Bilkuran
Udalak herri barruko autobusa martxan jartzeko lehen urratsak eman ditu, alde batetik, zerbitzua sortzea eta bestetik, Gipuzkoako garraioaren lurralde agintaritzan sartzeko eskaera onartuta. Bi gai hauek ontzat eman ziren Osoko Bilkuran, eta beraz, lehen urratsa eman du Udalak herri barruko autobusa martxan jartzeko, hurrengo hilabeteetan zerbitzu honi dagozkion izapideak lantzen jarraituko du.
Hirigintzaren arloan, “Zarkumendegi” hiritartze-proiektuaren 2. faseko proiektu eguneratua ontzat eman zen
Astigarragako HEA 21eko “Zarkumendegi” hiritartze-proiektuaren 2. faseko proiektu
eguneratua onartu zuen Osoko Bilkurak. Proiektuaren lehen fasea amaituta, bigarrenari ekingo zaio, hau da, aparkalekuari dagokiona, hau da, aparkalekuaren berrantolaketa integrala da. Horrekin batera, beste lan batzuk ere egingo dira eremu horretan, euri-urak biltzeko sarea bat, argiteria jarri, itxitura berritu.... Bestalde, espaloiaren eta futbol-zelaiaren artean dagoen gunea berdegune gisa egokituko da. Horrekin lotuta, urbanizazio-proiektua gauzatzen ari garen den eremuan sortu den bidea Zarkumendegi bidea izendatzea onartu zen bilkuran.
2027ko Astigarragako jai eguna erabaki zuen Osoko Bilkurak
2027an Astigarragako jai eguna uztailaren 26a izatea ontzat eman zuen Osoko Bilkurak, Santio eguna igandea delako.
Mozio bat onartu zen Osoko Bilkuran:
Astigarragako EH Bildu eta EAJ-PNV udaltaldeen mozioa, Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta alkateen mugimenduaren 50. urteurrenaren inguruko mozioa, hain zuzen ere. EH Bildu eta EAJ-PNV taldeen aldeko botoekin onartu zen mozioa, PSE-EEk aurka bozkatu zuen.
2026. urteak garrantzi historiko eta politiko berezia du Euskal Herriarentzat. Izan ere, beste zenbait mugarriren artean -hala nola, Eusko Jaurlaritza eratu zela 90 urte betetzen dira- aurten bi efemeride nagusi ditugu: batetik, 1876ko uztailaren 21eko Foruen abolizioaren 150. urteurrena; eta, bestetik, 1976an Bergaran bildu zen Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena.
Horregatik guztiagatik, Astigarragako Udalak ondokoa adierazten du:
1. Bergarako Udalak bat egiten du Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren eta
Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren oroitzapenarekin.
2. Udal honek aitortzen du Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal
lurraldeen eskubide historikoen abolizioa Frantziako iraultzarekin gertatu zela
1789 eta 1790 artean.
3. Udal honek berresten du Euskal Herria Europako herri guztien artean berezko
nortasuna eta nazio izaera duen herria dela.
4. Udal honek aldarrikatzen du beharrezkoa dela foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea.
5. Udal honek aitortzen du udalerriek Euskal Herriaren historian izan duten eginkizun erabakigarria.
6. Udal honek bat egiten du 2026ko uztailaren 19ean Bergaran antolatuko den ekitaldi politiko-instituzionalaren helburuekin.
Ikusi hemen mozioa osorik
Euskararen etxeko lokalaren administrazio emakida
Udala Nabarra Oñatz 11 lokalean Euskararen Etxea sortzeko egokitzapen obrak egin ditu, helburua euskaltegi bat izatetik haratago doa, euskaldunentzako erreferentziazko gune bat izatea nahi da. Horrekin batera, AEK euskaltegiaren jarduna bertan egongo da eta bera izango da Euskararen Etxea kudeatuko duen eragilea, eta beraz, administrazio emakida zuzena egin zaio Astigarragako AEK Euskaltegiari (Euskaraz Koop. Euskaltegia), 15 urterako.
Dagoeneko lokalaren obrak amaituta daude, une honetan altzariak eta bestelako ekipamenduak instalatzen ari dira. Irailean inauguratuko da Euskararen Etxea ofizialki eta 2026-2027 ikasturtea lokal berrian egingo da.
Beterri-Buruntza eskualdeko inklusio estrategia diseinatzeko lankidetza
Eskualdeko Udalak, Astigarraga tartean, inklusio estrategia bat diseinatzeko aurrelanketa egin dute . Hori guztia testuinguratzeko eskualdeko diagnostiko bat bideratu zen, eta herrietan dagoen egoera jaso da bertan. Diagnostiko hori abiapuntutzat hartuta, estrategia bat landuko da, inklusio beharra duten pertsona horiei zuzendutako baliabideak eta zerbitzuak zehaztu eta nola egingo den definituko duena. Horri ekin ahal izateko, herri guztietako Osoko Bilkurek lankidetza hitzarmen bat onartu dute.
Berdintasun, elkarbizitza eta partehartze teknikari eta sail arduradunaren lanpostua betetzeko oposizio-lehiaketarako oinarriak eta deialdia.
Tokiko Gobernu Batzarran txanda irekiko lehiaketa-oposaketa irekiaren bidez Astigarragako Udalaren Lan Postuen Zerrendan hutsik dagoen berdintasun, elkarbizitza eta partehartze teknikari eta sail arduradunaren lanpostua betetzeko oinarriak eta deialdiak ontzat eman ziren. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, deialdiaren iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatuta.
Dirulaguntzei lotutako hainbat gai onartu ziren batzarretan: aldaketa puntualak, dirulaguntza izendunak eta deialdi irekiak
• 2026ko udal-aurrekontuaren dirulaguntzen eranskinaren aldaketa eta 2024-2026 Dirulaguntzen plan estrategikoaren aldaketa puntuala.
Eragiyok abesbatzari duen dirulaguntza izendunean 2.000 euro gehitzea erabakita, bi dokumentuetan aldaketak egin dira; batetik, aurrekontuaren dirulaguntzen eranskinean eta bestetik, 2024-2026 Plan Estrategikoan aldaketa puntuala ere. Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarraren oniritziarekin beraz, Eragiyok abesbatzari 10.000 euro beharrean 12.000 euroko dirulaguntza emango zaio 2026.urtean.
• Lehia bidezko dirulaguntzak:
o Astigarragako herrian etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak: 18 eta 35 urte bitarteko astigartarren ohiko bizilekua den etxebizitzaren alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea da, dagoeneko etxebizitza errentan hartuta badaukate eta horretara bideratuak dauden gainerako laguntzetarako (Gaztelagun, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria, Gizarte Larrialdietarako Laguntza...) eskubiderik ez badute.Oinarri hauetan ezarritako baldintzen arabera tramitatu eta emango da dirulaguntza, eta onuradunak 2025. urteko hamabi hilabetean ordaindu beharreko alokairua ordaintzeko erabiliko da (2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitartekoak), baldintza horiek epealdi horretan zehar mantentzen baldin badira. Udalak 60.000 euro aurreikusi ditu dirulaguntza hauetarako eta dirulaguntzaren zenbatekoa errentaren arabera finkatuko da. Baldintzen artean hileko alokairua 950 eurotik beherakoa izatea da, salbuespen batekin, errenta altuagoa izanik ere, ordaindu beharreko hileko errentak diru-sarrera garbien % 40 gainditzen duenean.
o Jai arloko lehia bidezko dirulaguntzak: Bi eskaera onartuta geratu dira. Batetik, Sagardun partzuergoari Santa Ana eta Sagar Uztako jaietako azpiegitura gastuetarako 3.200 euroko dirulaguntza ematea. Bestetik, Urumea Berri Elkarteari 3.200 euroko dirulaguntza ematea Aiotzategiko jaiak antolatzeko. Horrekin batera, udalak bere gain hartuko du komunen alogera ere.
o Berdintasun arloko lehia bidezko dirulaguntzak: lehia bidezko erregimenean, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko dirulaguntza lerro honen deialdia arautzea: Astigarragan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen duten elkarte, pertsona juridiko edo fisikoentzako 2026 urterako dirulaguntza. Udalak 4.000 euro aurreikusi ditu helburu honetarako. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita
• Dirulaguntza izendunak:
o Euskal Fondoari 81.132,24 euro garapen bideko herrialdeetako proiektuetarako, zehazki proiektu hauetarako: Desgaitasuna duten pertsonentzako gizarteratze- eta laneratze-programak indartzea Habanako Zentro Historikoan- Kuban; Adineko Helduentzako Arreta Integraleko Programa sendotzeko, Habanako Historialariaren Bulegoak garatzen duena, lurraldeko adineko pertsonen zahartze osasungarrirako eta partaidetza sozialerako estrategiak sustatuz. 3. fasea- Kuban; eta Garraio eta Energia Ministerioko zuzendaritza nagusien lana babesteko- Saharan. Proiektu bakoitzari 27.044,08 euro bideratuko zaizkio.
o Mundubat elkarteari 5.000 euroko dirulaguntza, Euskal Autonomia Erkidegoko asilo-eskatzaile eta errefuxiatu palestinarrentzat laguntza emateko eta ekintza-sare bat ezartzeko.
o Astigar kultur elkarteari, batetik, 7.000 euroko dirulaguntza Astigarraga aldizkariaren 45.alea osatu eta argitaratzeko; eta bestetik, 23.000 euro dantza taldeari, dantza eskolak, emanaldiak... eta dantzari lotutako beste gastuetarako eta baita elkartearen historia jasoko duen liburua egin eta argitaratzeko.
