Albisteak

Atzealdea Ekainaren 5ean Ingurumenaren Munduko Eguna izango da

Eklipsea eta zuhaitzak izango dira aurten Udalak antolatu dituen jardueretako gai nagusiak

2026·05·29


Ingurumenaren Munduko Egunaren bueltan azpimarratu eta kontzientziatu behar da natura eta ingurumenaren babesa eta zaintza funtsezkoak direla giza ongizaterako.

2026ko edizioak Nazioarte mailan klima ekintza du ardatz eta egungo testuinguruan neurri zehatzekin aurrera egiteko premia azpimarratzen du. #KlimarenAldeOrain lelopean, aurtengo edizioa ekintzarako zuzeneko deialdia da. Astigarragako Udalak bat egiten du eta horretarako hainbat ekintza ari da bideratzen ingurumen sailetik.

Horrekin batera, ekainaren 5aren harira, ingurumenarekin lotura duten jarduera ezberdinak egingo dira herrian, hala nola, tailer bat, hitzaldi bat eta liburu baten aurkezpena.

Ekainaren 1ean eta 2an izango da lehenengo ekintza, Astigarragako Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutakoa, eklipseari buruzko tailerra burutuko dute Arantzadiko kide baten eskutik.

Ekainaren 3an, 18:30ean, Erriberako terrazan, herritarrei zuzendutako “Eklipsea Euskal Herrian” izeneko hitzaldia eskainiko da. Abuztuaren 12an Euskal Herrian ikusi ahal izango den eguzki eklipsea dela eta, fenomeno horri buruzko, hau da, gure lurraldean azken 100 urteetako gertaera astronomiko garrantzitsuenaren berri emango dute Arantzadiko kideek.

Azkenik, ekainaren 18an, 18:00etan, Erribera kulturgunean, Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebestek idatzitako “ Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian” liburuaren aurkezpena eta solasaldia izango dira.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, herritarrak parte hartzera gonbidatzen ditugu eta ingurumena eta natura zaintzearen garrantzia gogorarazten dugu.