Ekainaren 28an ospatu zituen Udalak Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordea
2022·06·30
Kontratazio-espedienteak
- Donostia ibilbidea berrurbanizatzeko obra Sasoi Eraikuntzak S.L enpresari 1.038.318,02 eurotan (BEZ gabe) esleitzea onartu zuen Osoko Bilkurak, lehiaketan puntuazio gehien lortu duen enpresa izan baita. Lan hauen iraupena 5 hilabetekoa izango dela aurreikusten da, eta 2022ko udazkenean hasiko dira.
- Bidebitartarte industrialdea berzolatzeko lanen 3.fasea Asfaltia S.L enpresari 153.859,50 eurotan (BEZ gabe) esleitzea onartu du Tokiko Gobernu batzordeak, lehiaketan puntuazio gehien lortu duen enpresa izan delako. Lanak abuztuan hasiko dituzte eta 3 asteko iraupena izango dute.
Mozioak
- LGTBI+ Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen instituzionala, aho batez onartu zen:
Ekainaren 28an, LGBT+ harrotasunaren egunean, hainbatetan esan duguna errepikatu nahi dugu: Harro gaudela gure bizitzez, harro gure bizi historiaz, harro LGBT+ mugimenduaz.
Udaletik bultzatu egin nahi dugu herrian LGTB+ mugimendua sor dadin eta bertan parte hartu nahi duen pertsona ororekiko konpromiso irmoa adierazi nahi dugu. Horiei guztiei udalaren zein udal zerbitzuen prestutasuna eskainiko diegu. Erreferente eta norbanakoak aktibatzea sustatuko dugu, eta herrian sortzen diren ekimenak babestuko ditugu.
LGBT+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako.
Ikusi adierazpen instituzionala osorik
- Osakidetzako herrietako anbulategien itxieraren aurkako eta osasun sistema publikoa indartzeko eskatzeko mozioa, EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen, EAJ-PNV eta PSE-EE-k aurka bozkatu zuten.
Osasun sistema publikoan eman diren atzerapausoak gero eta nabarmenagoak izan dira, bereziki 2018tik gaurdaino. Eta guzti honen ondorioak herritarrek (pazienteek) jasaten dituzte.
Pertsona guztiok kalitatezko arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea dugulako, Udalak:
- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio urte osoan zehar, uda sasoian barne, herri honetako osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatu ditzala.
- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio -eredua aldatu dezala.
- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Lehen Arretako eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesional kopurua handitu dezala.
Ikusi mozioa osorik
Zenbait dirulaguntza ematea onartu zuen Tokiko Gobernu Batzordeak, hauek dira:
Hezkuntzako dirulaguntzak
- Haur Eskoletako erabiltzaileentzat: 2021-22 ikasturtean Haurreskola Partzuergoko Haur Eskola batean matrikulatuta egon diren haurren familiak laguntzeko.
- Ikasleentzako garraio laguntzak: Astigarragan ikasteko aukerarik ez duten DBHko eta HHI-EPAko ikasleei 2021-22 ikasturtean ikastetxe publiko batera egindako bidaiak laguntzeko.
- Eskola materiala erosteko: Lehenengo aldiz aterako du Udalak dirulaguntza mota hau, derrigorrezko hezkuntzan edo haur hezkuntzako maila batean matrikulatutako haurren familiei eskola materiala erosten laguntzea du helburu.
Dirulaguntza izendunak
- 13.000 euro Mundarro Elkarteari, 2021. urteko kirol jardueraren defizitari aurre egiteko.
- 3.528,915 euro Herri Eskolako Guraso Elkarteari ikasle eta gurasoentzat antolatutako ekintzak laguntzeko.