Albisteak

Ekainaren 1ean udal liburutegia irekiko da maileguak egiteko eta ikasteko

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako liburutegiak irekitzeko protokoloa jarraituz, Astigarragako liburutegia astelehenetik aurrera zabalik egongo da. Bi zerbitzu eskainiko dira liburutegian. Batetik, mailegu zerbitzua erabilgarri egongo da, eta bestetik, ikasteko aukera egongo da. Bi zerbitzu hauetak erabili nahi dituzten herritarrek zenbait arau bete beharko dituzte.

2020·05·31


Hauek dira astelehenetik aurrera liburutegira gerturatzen diren pertsonek bete behar dituzten jarraibideak:

  • Pertsonen arteko bi metroko distantzia errespetatu beharko da eta maskarak erabili. Horretarako liburutegiko esparruak antolatuta egongo dira.
  • Liburutegi barruan zirkulazioa markatuta egongo da.
  • Mahaietan eserlekuak definituta egongo dira.
  • Liburutegiko aretora sartzen diren herritarrek eskuak garbitu behar dituzte kultur etxeko atean edo liburutegian izango duten gel hidroalkoholarekin. Maskarak eskura izango dituzte Kultur etxeko sarreran eta liburutegian.
  • Herritarrak banaka etorriko dira, menpekotasunen bat dutenek eta haurrak izan ezik. 14 urtetik beherakoak adin nagusiko senide batekin joango dira liburutegira, beste berririk eman arte.

Hauek dira ekainaren 1etik aurrera liburutegian eskainiko diren zerbitzuak:

Mailegu zerbitzua

Liburutegira etorri baino lehen irakurle bakoitzak liburutegien katalogoan bilatuko du maileguan eraman nahi duena. Bilaketa egin ondoren liburutegiarekin harremanetan jarriko da telefonoz (943331192) edo emailez (info.liburutegia@astigarraga.eus) eta hitzordua hartuko du. Ordu horretarako liburutegiko mostradorean eskura izango du liburua. Liburubila webetik ere zuzenean mailegu eskaerak egin daitezke. Aurrez aurreko maileguak egiteaz gain, irakurketa digitala eLiburutegia webgunea erabiliz egitea aholkatzen da, orain arte egin den modu berean.Liburuak eta filmak online eskuratzeko aukera izango da.

Liburutegira etortzeko zailtasunak dituztenei (adina edo beste arrazoiengatik) eta talde zaurgarrienentzat etxeko zerbitzua eskainiko da.

Txartel bakoitzarekin 4 dokumentu maileguan eraman ahal izango dira. Hauen artean liburuak, CD eta DVDak.

Covid-19 aurretik mailegatutako dokumentuak liburutegiko postontzian eta liburutegian eskura jarriko diren kaxetan utzi beharko dira eta 15 egunez gordeta egongo dira kutsatzea sahiesteko.

Mailegurako ordutegia 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 19:00etara izango da.

Ikasteko zerbitzua

Liburutegiak 17 urtetik gorako ikasleei liburutegian ikasteko aukera eskainiko die. Horretarako, aldez aurretik telefonoz (943331192) eskatu beharko dute hitzordua. Uztailaren 7ra arte eskainiko da zerbitzu hau.

Goizez 9:00etatik 13:30etara eta arratsaldez 15:00etatik 19:30etara erabili ahal izango da zerbitzua.

Beste zerbitzuak

Ekaina eta uztailean liburutegiko beste zerbitzu guztiak (hemeroteka, interneta, irakurketa klubak, ipuin kontaketak, haur txokoaren gunea egoteko esparru moduan) bertan behera geratuko dira.

Liburutegiak antolatzen dituen jarduerak ahal den neurrian online eskainiko dira, udaletxeko webgunean eta liburutegiko facebooken bidez.