Albisteak

Ezohiko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordea egin zituen atzo Udalak

Onartu ziren gai esanguratsuenen artean, ekainaren 28ko LGTBI nazioarteko egunari buruzko adierazpen instituzionala, kontratazio espedienteak eta zenbait diru-laguntza daude, Covid-19k eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko diru-laguntzen deialdiak, esaterako.

2021·06·16


EZOHIKO OSOKO BILKURA

Kontratazio-espedientea: Santiagomendiko natur eskola eta aterpetxe zerbitzua.

Santiagomendiko aterpetxea ustiatzeko, mantentzeko eta garbitzeko zerbitzua eskaintzeko eta ingurumenean jarduera naturalak antolatzeko kontratazio espedientea martxan jartzea onartu zuen Osoko Bilkurak.

Kontratuaren iraupena ikasturte 1ekoa da eta luzatu ahal izango da, gehienez ere, beste 3 ikasturte (guztira 4).

Kontratuaren osotasunerako (4 ikasturte) balioetsitako aurrekontua 249,998,10 eurokoa da (BEZa barne).

Adierazpen instituzionala: LGTBI nazioarteko egunaren ingurukoa

Hau da atzo, ezohiko Osoko Bilkurak, aho batez onartu zuen adierazpen instituzionala: Astigarragako Udalak LGTBI pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa berretsi nahi du. Adierazpenetatik haratago, konpromisoa politika zehatzetan islatu behar da; mugimendu feministako eta LGTBI mugimenduko ordezkari eta adituekin adostu beharreko politikatan. Horregatik, Udal honek honako konpromiso hauek hartzen ditu:

  1. LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatzea eta abian jartzea.
  2. LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea.
  3. LGTBI biztanleriaren aurkako gorroto-diskurtsoak identifikatzeko mekanismoak ezartzea, eta hainbat eremutan (hezkuntza, kultura, komunikazioa, enpresa eta gizartea, oro har) diskurtso horiei eta jazarpen eta eraso LGTBIFobikoei aurre egiteko ekintzak bultzatzea (protokoloak, araudi espezifikoak, etab.).
  4. Haurrak eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzea, bereziki trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza-prozesuak, gizarte- eta hezkuntza-eragileekin.
  5. Sentsibilizazio-kanpaina feministak egitea.
  6. Indarkeriaren biktima diren eta egoera oso zaurgarrian dauden LGTBI pertsonentzako harrera-espazioak sortzea, arreta psiko-sozialeko, ekonomikoko, hezkuntzako eta bizitokietako zerbitzuak integratuz, adingabeen, migratzaileen, transexualen berariazko beharrak jasoz.

Ikusi adierazpena osorik

TOKIKO GOBERNU BATZARRA

Kontratazio espedientea: Astigarragako baserriak, sagardotegiak eta landa turismoko etxeak seinalizatzea

Astigarragako baserriak, sagardotegiak eta landa-turismoko etxeak identifikatzeko seinaleak diseinatzea, hornitzea eta horiek instalatzeko kontratazio espedientea onartu zuen atzo Tokiko Gobernu Batzordeak.

Lehiaketaren lizitazio prezioa gehienez 91.590,29 eurokoa izango da (BEZ barne) eta lana burutzeko epea 4 hilabetekoa.

Covid 19, dirulaguntza deialdiak 

1. Tokiko ekonomia suspertzeko dirulaguntzen deialdia:

Dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako jarduketaren aurrekontuaren % 75 artekoa izan ahal izango da 2.000 eurora arte.

Partida 60.950 €koa da eta honako inbertsioak lagundu ahal izango dira:

  • Lokalen egokitzapen lanak.
  • Jarduera mantentzeko, berritzeko edota egokitzeko beharrezkoan diren ekipamenduen erosketak.
  • Covid-19aren prebentziorako inbertsioak: CO2 neurgailuak, aire-garbigailuak etab.
  • Negozio-eredu edo negozio-lerro berriak ezartzeko beharrezko ikerketak eta inbertsioak.
  • Digitalizaziorako eta komunikaziorako tresnak (webguneak, aplikazio informatikoak eta kudeaketa sistema aurretartuak, besteak beste). Ez dira onartuko erabilera pertsonalerako izan daitezkeen produktu informatikoak.
  • Jarduera ekonomikoa mantentetzeko edo suspertzeko beharrezkoan diren bestelako inbertsioak.

2. Covid-19ak sortutako kalte ekonomikoei aurre egiteko dirulaguntzen deialdia:

Astigarragako autonomo, etxeko langile, mikroenpresa eta establezimenduek aurkeztu daitezke deialdira.

43.000 euroko partida aurreikusi du Udalak dirulaguntzak emateko.

Fakturazioa (edo diru-sarrerak etxeko langileen kasuan) % 60 baino gehiago murriztu duten Astigarragako autonomo, etxeko langile, mikroenpresa edota establezimenduentzat.

  • Laguntza: oinarria 800 euro, gehi
  • Lokalaren errenta edukitzeagatik 300 €
  • Lokalaren hipoteka edukitzeagatik 100 €
  • Astigarragan erroldatuako soldatapeko langile bakoitzagatik 100 €

Dirulaguntzak

Zenbait dirulaguntza ematea onartu zuen Tokiko Gobernu Batzordeak, hauek dira:

  • 21.848 euroko dirulaguntza izenduna Euskaraz Koop. Euskaltegiari
  • Jai arloko dirulaguntza, 4.400 euroko dirulaguntza Goldea Elkarteari
  • 12.000 euroko dirulaguntza izenduna Galtzaur erretiratu elkarteari