Albisteak
Atzealdea Ekainak 28, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna
2021·06·25
Ekainaren 28ko LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Astigarragako Udalak ekainaren 15eko Osoko Bilkura honako adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez:
Ekainaren 28an LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. LGTBI kolektiboa osatzen duten pertsonen eskubideak aldarrikatzeko eguna da; sexu-desioaren orientazioagatik edo genero-identitateagatik jasaten den bazterkeria salatzeko eguna.
Urtebete baino gehiago igaro da pandemiak gure bizitzak gogor astindu zituenetik. Informazio eta datu askoren arabera badakigu jada konfinamenduak LGTBI pertsonen aurkako diskriminazio-maila handiagoak ekarri dituela; haien eskubideak bermatu beharrean, urratuak izan dira, zaurgarritasun bereziko testuinguru batean. Are gehiago, gaur egun krisi sozioekonomiko larriak ate joka dugunean, gorroto-diskurtsoak eta erasoak areagotzen ari dira. Bereziki kezkagarria da Trans eta homosexualen aurkako gorroto diskurtsoen igoera. Horren adibide argia da, Basaurin, ekainaren 6ko goizaldean, gertatu zen eraso homofobo larria. Gertaera honen aurrean, Astigarragako Udalak berriz ere bere gaitzespena adierazi nahi du, eta horrelakoak ez gertatzeko lanean jarraituko du.
Erakundeetatik pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBI bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izan ditzaten. Aitzakiarik gabe, politika eraldatzaileak bermatu behar ditugu gure udalerriko LGTBI pertsonen beharrei eraginkortasunez erantzuteko.
Astigarragako Udalak LGTBI pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa berretsi nahi du. Adierazpenetatik haratago, gure konpromisoa politika zehatzetan islatu behar da; mugimendu feministako eta LGTBI mugimenduko ordezkari eta adituekin adostu beharreko politikatan. Horregatik, Udal honek honako konpromiso hauek hartzen ditu:
- LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatzea eta abian jartzea.
- LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea, hala nola: administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan, igerileku publikoen araudiak.
- LGTBI biztanleriaren aurkako gorroto-diskurtsoak identifikatzeko mekanismoak ezartzea, eta hainbat eremutan (hezkuntza, kultura, komunikazioa, enpresa eta gizartea, oro har) diskurtso horiei eta jazarpen eta eraso LGTBIFobikoei aurre egiteko ekintzak bultzatzea (protokoloak, araudi espezifikoak, etab.).
- Haurrak eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzea, bereziki trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza-prozesuak, gizarte- eta hezkuntza-eragileekin.
- Sentsibilizazio-kanpaina feministak egitea, egungo testuinguru sozialera egokituta, epe labur, ertain eta luzean, sexu-genero dikotomiari, heteronormatibitateari, sexuorientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari eta eremu desberdinetan LGTBI pertsonenganako indarkeriaren eta diskriminazioaren adierazpen eta forma anitzei buruzko kontzientzia kritikoa hartzea errazteko.
- Indarkeriaren biktima diren eta egoera oso zaurgarrian dauden LGTBI pertsonentzako harrera-espazioak sortzea, arreta psiko-sozialeko, ekonomikoko, hezkuntzako eta bizitokietako zerbitzuak integratuz, adingabeen, migratzaileen, transexualen berariazko beharrak jasoz.
Herritarrei dei egiten diegu gure herrian edota inguruko hirietan deitutako mobilizazioetan parte har dezaten. Bide batez, ekainaren 28an, Astigarragako Erribera kulturgunean, 19:00etan, eskainiko den Lurrun Minez antzerkira bertaratzeko gonbitea ere luzatu nahi diegu.
Lurrun minez antzerkia
Lurrun minez hiru maritxuren arteko drama psikologikoa, soziala eta sexuala da. Hiruki arrosa. Gay sauna batean gertatuko da ezusteko topaketa. Lurrun artean desioak, jaia, frustrazioak, erakarpen sexualak, boterea eta beste hamaika kontu labainkor nahastuko dira, umoreari bere lekua utzita:
Alexek, 30 urte ingurukoak, sauna batean lan egiten du. Bere buruari Mari Matraka Erregina deitzen dio. Oskarrek 44 urte inguru dituen institutuko irakaslea da, gizonezkoen sexu trukerako espazio hoietako ohiko bisitaria da. Jesusek 19 urte ditu eta lehengoz joango da gay sauna batera. Gabon gauean itxita egon behar luke saunak, baina Alexek bere kabuz irekitzea erabaki du, opari ederren bat jasotzeko esperantzaz. Beste pertsonaiak iritsi ahala, lurrun artean ezin ikus daitezkeen hariak argitara azaltzen joango dira, askatzeko zaila izango den lokarria sortu arte.