Albisteak

Atzealdea Ekainak 28, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna

Ekainaren 28an LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izango da. Horregatik, Astigarragako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du, aho batez. Bestalde, datozen egunotan hainbat jarduera egingo dira gaiarekin lotuta: kale antzerkia, kaleko zinema eta kaleko altzarien margoketa.

2022·06·24


Hauek dira LGTBI+ harrotasuna ikusarazteko datozen egunetan herrian egingo diren jarduerak:

  • Ekainaren 21ean, Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu zuen LGTBI+ Harrotasunaren Egunaren adierazpen instituzionala, eta ekainaren 28ko Osoko Bilkurara eramango da. Ikusi adierazpena
  • Kale-antzerkia “Bidearen amaieran”; ekainaren 25ean, 20:00etan, Erriberako atarian eskainiko da: Dagoeneko 20 urtetik gora igaro dira Pedrin Divina Pedrea bilakatuta agertu zenetik, bere auzokide guztien aurrean. Dena perfektua zatekeen, edo ia, bere aita Pedro, betiko sindikalista sutsua, bertan agertu izan ez balitz. Baina, ez dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik; eta Pedrok, beti egon nahi izan du itsu edo “bizimodu normal” bat izan. Eta, noski, ez Pedrin eta are gutxiago Divina Pedrea etziren “normaltasun” haren parte. Maleta bat, mila pezeta eta “zu jada ez zara nire semea” nahikoa izan ziren bi pertsonen arteko bizitza-harremana eteteko. Bien arteko haustura eta, harrezkeroztik, haien bizitzan iltzatuta geratu den konpondu gabeko gaia.
  • Kaleko altzariak apaintzea: ekainaren 28an, 10:30etik 13:30era, Gaztelekuko nerabeek herriko hainbat altzari margotuko dituzte ostadarraren kolorearekin. Alde batetik, herri eskolaren parean dauden bi eserlekuak; eta bestetik, Txomiñenea pilotalekuan margotuta dauden eskailerak errepasatuko dituzte.
  • Zinema kalean “Con amor, Simon”; uztailaren 1ean, 22:30ean, Kontxa Etxeberria plazan proiektatuko da: Bigarren hezkuntzako azken urtea da. Simon Spier (Nick Robinson) 17 urteko nerabea da, itxuraz dena duena: lagun talde leial eta dibertigarria, guraso ulerkorrak eta etorkizun handia aurretik. Hala ere, bere baitan sekretu bat gordetzen du, urduritzen eta larritzen duena. Simon gay da, baina ez da inori esatera ausartzen. Internet bidez Blue izeneko mutil bat ezagutu eta mezuak trukatzen hasterakoan, Simonen bizitza erabat aldatuko da.