Albisteak

Atzealdea Ekaina, LGTBIQ+ harrotasunaren hilabetea!

1
Aldarrikapenarekin bat eginez herriko hainbat eragilek eta Udalak zenbait ekintza antolatu dituzte: Buruntzaldeko Transmaribibollo Sarearen aurkezpena, bi hitzaldi, Zinegoak film laburren emanaldia eta Mikra zirku garaikide ikuskizuna

2025·05·28


Ekainaren 28an LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko nazioarteko eguna ospatzen da eta Astigarragak aurten ere bat egingo du aldarriarekin. Herriko hainbat eragilek -Emakumeon Etxeak, Gazte Asanbladak, Xaguxar Aisialdi Taldeak, Matazak indarkeria sexistaren aurka elkarteak- eta Udalak hilabete osoan zehar antolatutako ekintzetara parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.

Buruntzaldeko Transmaribibollo Sarearen aurkezpena izango da ekainaren 11n, asteazkenean, 17:30ean, Emakumeon Etxean. Eskualde mailako sare hau zergatik eta zertarako sortu zen, nola funtzionatzen duen eta herritarrek nola har dezaketen parte azalduko dute. Eskualde mailan erreferenteak izateko, elkar ezagutzeko eta interesak edo kezkak konpartitzeko abagunea izango da.

Horrez gain, bi hitzaldi izango dira Emakumeon Etxean, Hiruki Larroxa taldeko Egoitz Arbiol Albenizen eskutik. Eskuin-muturraren indartzeak LGTBIfobiari bultzada eman dio eta horren adierazle dira kolektiboak jasaten dituen erasoen eta haien kontrako delituen gorakada. Horren inguruko hitzaldia izango da “Faxismoaren aurrean, harrotasunez aurrera!” izenburupean, ekainaren 4an, asteazkenean. Bestalde, LGTBIQ+ pertsona askok herrietatik hirietara ihes egiten dute, “sexilioa” deritzona gauzatuz. Baina “sexilioa” zergatik eta zertarako ematen da? Sexu eta genero aniztasunak urteetan sortu duen hausnarketa eta praktikak herrietan ere egitea falta da. Zer eskaini beharko lukete gure herriek, ordea? Gogoeta egitera bultzatuko gaituen hitzaldi-tailerra izango da ekainaren 18an, asteazkenean, 18:30ean.

Aurten ere Zinegoak film laburren zaleek, Bilboko LGTBIQ+ 22. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiarekin bat eginez hainbat film labur ikusteko aukera izango dute, ekainaren 27an, ostiralean, 19:30ean, Erribera kulturgunean.

Berdinki zirku garaikideko konpainiak genero rolak eta estereotipoak eta botere harremanen inguruko gogoeta bultzatzen du zirku disziplinaren bitartez, hau da, mugimendu eta akrobaziak erabilita. Mikra zirku garaikide ikuskizuna izango da ekainaren 28an, larunbatean, 19:30ean, Kontxa Etxeberria plazan.

Ikusgarritasuna emateko asmoz, ekainaren amaiera aldera ortzadarraren kolorez jantziko ditugu udaletxeko balkoia, kiroldegia, Erribera kulturgunea, Gaztelekua eta Emakumeon Etxea. Halaber, herritarrak euren balkoiak koloreztatzera animatzen ditugu.

1