Albisteak
2024·06·04

Duela 55 urte Stonewall-eko istiluak gertatu ziren, New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan izandako polizia-sarekada baten ondorioz. Sasoi hartan, taberna hori gune segurua zen LGTBIQ+ kolektiboarentzat, nahiz eta poliziak sarekada ugari egiten zituen haien aurka. 1969Ko ekainaren 28ko goizaldean, sarekada horietako batean, jendetzak aurre egin zion poliziari, hainbat egunetan luzatu ziren manifestazio eta iskanbilei ekinez.
Egun hori izan zen LGTBIQ+ kolektiboaren mugimenduaren hasiera; Marsha P. Johnson eta Sylbia Rivera izan ziren iskanbila horietan poliziari aurka egiten lehenak, eta biek hasitako mugimenduari esker, ordutik aurrerapauso esanguratsuak eman dira LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideetan.
Horregatik, urtero legez, aurten ere, Astigarragak egun hori gogora ekarri nahi du eta bat egiten du LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen eskubideen aldeko aldarriarekin. Ikusgarritasuna emateko asmoz, ortzadarraren kolorez jantziko ditugu udaletxeko balkoia, kiroldegia, Erribera kulturgunea, Gaztelekua eta Emakumeon Etxea eta herritarrak euren balkoiak koloreztatzera animatzen ditugu.
Gainera herriko hainbat eragilek -Emakumeon Etxeak, Gazte Asanbladak, Xaguxar Aisialdi Taldeak- eta Udalak hilabete osoan zehar antolatutako ekintzetara parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak. Andoni Mutiloak Esnatu naiz kabareta-ren bi emanaldi eskainiko ditu eta antzerkia, dantza eta musika nahastuaz hainbat gai zehatzei buruzko hausnarketa eragingo digu: harreman sozialak, generoa, autoestimua, lotsa eta beldurrak, sexualitatea, sormena, bizipoza… jendartean errotuta dauden hainbat ohitura eta arau zalantzan jartzeaz gain, LGBTIQ+ komunitatearen eskubideen aldeko apustua egiten du kabaretak. Lehen emanaldia, nerabeei zuzendutakoa izango da, ekainaren 7an, 18:00etan, Kultur Etxe Zaharreko aretoan eta bigarren emanaldia, helduentzat, ekainaren 29an, 20:00etan, Erriberan.
Zinegoak film laburren zaleek, Bilboko LGTBIQ+ 21. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiarekin bat eginez hainbat film labur ikusteko aukera izango dute, ekainaren 21ean, 20:00etan, Erriberan.
Gainera, 80 egunean filmaren zineforuma izango da ekainaren 19an, 18:00etan, Emakumeon Etxean eta, ondoren, Ane Sanz de Galdeano sexologarekin solasaldia -ZiRRara, Astigarragako sexu-aholkularitza zerbitzuko sexologarekin-. Horrez gain, Zarata erakusketa izango da ikusgai, ekainaren 27an, 16:00etatik 19:00etara, Erriberan. LGBTIQ+ kolektiboaren inguruan kontzientzia sortzeko erakusketa da eta hamar istorio ezagutu ahal izango dira entzumenaren bidez; hamar aktorek parte hartu dute hor, adibidez, Telmo Irureta zumaiarrak. Hodei Arrastoaren proiektua da Hiruki Larroxa elkartearekin elkarlanean sortua.
Gaztelekuko nerabeak harrotasunez arituko dira esku-lanetan; ekainaren 26an, goizez frontoiko eskailerak eta herri eskola pareko bi banku ortzadarraren kolorez margotuko dituzte eta ekainaren 28an, goizez, Joseba Barandiaran plazako zuhaitzak atonduko dituzte hainbat koloretako girnaldekin.
