Albisteak
Atzealdea Egungo zaintza-sistema eraldatzeko premiari buruzko bi hitzaldi
2023·11·21
Azaroaren 30erako greba feministara batzeko deia egin du Euskal Herriko mugimendu feministak, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatu nahi dute eta zaintza eskubide kolektiboaren aldeko aldarria egin dute.
Denok izan edo izango gara zainduak, denok daukagu zaintzeko gaitasuna eta ziur asko denok zainduko dugu senitartekoren bat. Denoi eragiten digun gaia delako eta azaroaren 30eko greba feminista gertu dugula aprobetxatuz, Udalak egungo zaintza-sistemari buruzko gogoeta eragiteko bi hitzaldi antolatu ditu.
Lehen hitzaldian, zahartzaroan jarri dugu fokua eta “Zahartze-prozesua eta behar berriei erantzun berriak” izenburupean, zahartzaroak dakartzan behar berriei erantzuteko proposamen berriak ezagutu ahalko ditugu. Hizlaria Maider Azurmendi Ormazabal da, Matia Fundazioko kooperazio arduraduna eta etxe eta komunitate arreta zuzendaria. Hitzaldi hau azaroaren 27an, astelehenean, 18:00etan izango da.
Bigarren hitzaldiak “Gizonak parekidetasunaren bidean: aukerak eta korapiloak” izenburua du eta berariaz gizonezkoei zuzendutakoa da. Gizontasunari eta gizonen ardurei buruzko hausnarketa eragiteko helburua du eta honako gaiak aztertuko dira bertan: maskulinitatea nola eraikitzen eta erreproduzitzen dugun, gizonen pribilegio-egoerak, jarrerak eta egiteko moduak. Hizlaria Egoitz Arbiol Albeniz antropologoa da eta LGBTI+, feminismo eta gizontasun gaietan aditua. Hiruki Larroxa kooperatibako kide da Egoitz. Bigarren hitzaldia azaroaren 28an, asteartean, 18:00etan izango da.
Bi hitzaldiak Erribera kulturgunean eta euskaraz izango dira.