Albisteak

Atzealdea Eguneko arreta zerbitzua eta musikoterapia dira aurtengo berrikuntzak jubilatuen egoitzan

Udaleko adineko pertsonen zinegotziak bildu ziren atzo jubilatuen egoitzako lehendakaria eta idazkariarekin egoitzaren egoera eta aurtengo asmoak ezagutzeko.

2019·10·09


Astigarragako jubilatuen egoitza ordutegi zabalean erabili dezakete bazkideek, 8:30etatik 22:00ak arte. 339 bazkide daude egun egoitzan, 62 urtetik gorako pentsionistak dira gehiengoak. Urteko kuota 12 eurokoa da.

Barruko jarduerak

Egoitzan, elkarrekin denbora pasa eta otorduak egiteko aukera izateaz gain, jarduera-egitarau zabala dute. Jende gehien biltzen duten ekintzak bingoa (astean bitan egiten da) eta karta jokoa (egunero egiten da) dira, saio bakoitzean 50 bazkide inguru elkartzen dira. Bestelako ekintzak ere egiten dira; eskulanak, eserita egiten den gimnasia, memoria tailerra (hauek astean behin egiten dituzte), eta euskara klaseak ere berreskuratzeko asmoa dute. Aurten bi berrikuntza izango dira. Batetik, eguneko arreta zerbitzua, hurrengo astean hasiko dena (astean hirutan egingo da). Bestetik, musikoterapia martxan jartzeko asmoa dago, izen-emate epea zabalik da jada.

Noizbehinka hitzaldi eta erakustaldiak ere izaten dituzte egoitzan. Eta, Gipuzkoako elkarteekin bat eginez aukera izaten dute antzerki, abesbatza, txapelketetan, etab. parte hartzeko.

Urtero 80 urte edo gehiago betetzen dituztenei omenaldi polit bat egiten zaie, bazkari bat antolatzen da eta oparitxo bat ematen zaie. Horretaz gain, jaiak ere ospatzen dituzte, Santa Ana, San Tomas...

Egoitzatik kanpoko ekintzak

Egoitzatik kanpoko ekintzak ere antolatzen dituzte. Besteak beste, urtean bitan martxa bat egiten dute Martutenera, aurten bigarrena azaroaren 16an egingo dute. Eguneko txangoak, eta baita egun batzuetarako bidaietara joaten dira. Azken urteotan 2-3 egunetako bidaiek izan dute arrakasta gehien, gertu samar egiten direnak. Hasiak dira jada 2020ko martxoko bidaia antolatzen.

Aukera zabala izanik ere, jubilatuen lehendakaritzatik diote oso jende gutxik hartzen duela parte ekintzetan, eta bazkideei animatu daitezen eskatzen diete.